Billy Wilderren ‘The Apartment’, pantaila handian

Badira hilezkorrak diren filmak, denborak aurrera egin izanagatik, zinemazaleen oroimenean dirautenak. Gutxietan izaten da aukera horiek berreskuratu, eta berriro ere pantaila handian ikusteko. Aste honetan, ordea, bada horretarako tarterik: Billy Wilder zinemagileak zuzendutako The Apartment (1960) film klasikoa proiektatuko dute ostegunean, 20:00etatik aurrera, Bilboko BBK Aretoan.

Geroz eta gehiago dira zinema klasikoaren jarraitzaileak, eta horiek asetzeko saioak ere bikoiztu egin dira azken urteetan. Atzera begirakoak, zuzendari jakin baten obrari eskainitako zikloak, gaikakoak, generokoak… Zinema sortzen ari garen bitartean, egindako hori gurtzen jarraitzen dugu ere.

Wilder zinemagilearen lan gogoangarriaz gozatzeko aukera izango dugu aste honetan, film aski ezaguna jaiotza urtea estreinalditik urrun dugun zinemazaleontzat ere bai. Jack Lemmon eta Shirley McClain aktoreak dira protagonistak, eta CC Baxter Manhattaneko aseguru konpainiako langile baten istorioa kontatzen du. Ezkongabea da Baxter, eta bakarrik bizi da bere apartamentuan. Enpresan gora egin, eta lanpostua hobetzeko nahia du protagonistak, eta horretarako, bere pisuaren lagapena egiten die haren nagusiei, euren maitaleak eraman ditzaten. Egoera irauli egingo da Baxterrek enpresako igogailuzaina ezagutzen duenean. Emakumearekin maitemindu egingo da protagonista, baina hau apartamendua erabiltzen duen enpresa-buruetako baten maitalea da.

Bilboko BBK Aretoan proiektatuko dute filma ostegunean, urriaren 25ean, 20:00etatik aurrera. Arrebato Zinema-taldearekin egindako elkarlanez ondu dute saioa.