Euskal Produktoreen Elkarteak jakinarazi zuenez, ostiral goizean zendu zen Donostian Antton Etxeberria (Donostia, 1960) diziplina anitzeko artista. 58 urte zituen.

Artista eta sortzaile emankor eta nekaezina izan zen, eta askotariko lan eta diziplinetan jardun zuen bere ibilbidean. Hala, antzerki ekoizle, gidoilari eta antzerkigilea izan zen; aktore gisa aritu zen hainbat filmetan, eta Sebastopoleko Titiriteroak Konpainia sortu zuen beste hainbat ikaskiderekin batera.

Aktore lanetan betetako paperei dagokionez, Jose Maria Tuduriren Crónica de la guerra carlista  1872-1876 (1988) eta Santa Cruz, el cura guerrillero (1990) filmetan zein Julio Medemen Vacas (1991) proiektuan parte hartu zuen. Horrez gain, Goenkale eta Piratak telesailetako pertsonaia esporadikoa izan zen ere bai.