Zinemapelmak ekimenaren edizio berri bat egingo dute aurten, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen baitan. Azaroaren 1ean izango da saioa, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, eta Plan 9 from Outer Space (1959) filma iruzkinduko dute.

Iazko lehen saiakera bizitu ez zenutenentzat, beldurrezko zinemaldian oso errotua dagoen ohitura batean du jatorri Zinemapelmak ekimena: film bat proiektatzen den bitartean gainetik hitzegitea. Aipatu bezala iaz antolatu zuten lehen aldiz, eta Tobe Hoorper zinegilearen Poltergeist filmaren inguruko komentarioak egin zituzten telebista eta film laburren alorretan ibiliak diren Mikel Pagadik, Angel Aldarondok eta Maite Bidartek.

Aurten errepikatzeko asmoa azaldu dute hirurek, eta Ed Wood zuzendariaren Plan 9 from Outer Space (1959) filma aukeratu dute hitzordurako: “Gu ez gara filmeko zuzendariak, gu: Mikel Pagadi, Maite Bidarte eta Angel Aldarondo gara. Aurtengo Zinemapelmak-en Plan 9 From Outer Space proiektatuko dugu. Ed Wooden 1959ko filmea. Zergatik? Kultuzko filmea delako, ikusgarria delako, erokeri bat delako , zonbiak, estralurtarrak eta Bela Lugosi agertzen direlako eta koloreztatutako kopia bat lortu dugulako”.

Bada, aipatutako filmaren emanaldia egingo dute azaroaren 1ean, eta, proiekzioak iraun bitartean, haren inguruko komentarioak egingo dituzte Pagadik, Aldarondok eta Bidartek. Jaialdian maiz gertatu ohi den bezala, baina, kasu honetan, areto guztiarentzat.