Aurkeztu dituzte 29. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen nondik norakoak. Josemi Beltran jaialdiko zuzendariak, Jon Insausti Kultura eta Hezkuntza zinegotzi ordezkariak eta Patxi Presa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko buruak agerraldia egin dute gaur urriaren 27etik azaroaren 2ra luzatuko den jaialdiaren programazio osoa azaltzeko.
Julius Avery estatu batuarraren Overlord (2018) filmak zabalduko du jaialdia hilaren 27an, larunbara, eta beste 26 filmek luzek osatuko dute sari nagusiarengatik lehiatuko direnen Sail Ofiziala. Josemi Beltran zuzendariaren esanetan “generoaren urteko uztak eman dituen film onenak” izango dira hauek, Europako autore zinema, AEBko ekoizpen komertzialagoak, Latinoamerikako lanak, eta Hego Korea zein Japoniako proposamenak.
Antolatzaieek nabarmendu nahi izan dute generoan ikur diren zinemagileen proposamenak izango ditugula pantailan: Lars Von Trier danimarkarraren The House That Jack Built (2018), Pascal Laugier frantsesaren Ghostland (2018), edota Shinsuke Sato japoniarraren Inuyashiki (2018), esaterako. Quinn Lasher estatubatuarraren He’s Out There (2018) filmaren proiekzioak itxiko du jaialdia, azaroaren 2an.
Sail Ofizialaz harago, film laburrek ere inoizko garrantzirik handiena izango dute aurten. Hiru ataletan banatuko da haien parte hartzea (nazioarteko lehiaketa, animaziozko film laburren saila eta espainiar jatorria dutenen atala), eta bada Euskal Herriko filmik bertan: Iban del Campo arrasatearraren Espedizio handia (2018). Aipaturiko Film Laburren Nazioarteko Sailean lehiatuko da beste hamabost filmekin, Publikoaren Saria (1.000€), Nazioarteko Epaimahaiaren Saria (1.000€) eta Gazte Epaimahaiaren Sariak eskuratzeko.
Mary Shelleyren ondarea
200 urte bete dira aurten Mary Shelley idazleak Frankenstein (1818) eleberria idatzi zuenetik, eta Fantasia eta Beldurrezko Asteak omenaldia egin nahi izan dio urtemugari. Bada, jaialdiko kartela munstroaren neska-lagunari eskainiko ziotela jakin genuen iragan uztailean, eta autoreak utzitako ondarea omenduko duen zikloa aurkeztu dute orain. Beldurrezko iruditerian ikono bilakatutako istorioan oinarritutako bederatzi lan emango dituzte Victoria Eugenia antzokian, kartelak irudikatzen duen Bride of Frankenstein (1935) film mitikoarekin.
Aparteko jarduerak
Beldurrezko jaialdiarekin lotutako hainbat jarduera osagarri hartuko ditu ere Donostiako hiriak aste honetatik hasita, jaialdia amaitu eta hilabete berandura arte. Erakusketak, lehiaketaz kanpoko proiekzio bereziak, mahai-inguruak, haurrentzako emanaldiak… zinemaldiak ohiko dituen espaziotik kanpo ere zabalduko dira jarduerak, eta Donostiako zenbait auzoetara zein Gipuzkoako hainbat herrietara ere helduko dira beldurrezko generoaren zantzuak.