Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa eta Iratxe Fresnedaren Lurralde Hotzak filmak aurkeztuko dituzte Gijongo Nazioarteko Zinema Jaialdian. Azaroaren 16tik 24ra bitarte ospatuko da erakustaldia, eta filmok Llendes atalean izango dira ikusgai.

Sei urteko errodaje prozesu luze baten ondoren, Muga deitzen da pausoa filma aurkeztuko du Maider Oleaga zuzendariak. Donostiako etxe zahar batean bi emakumezkoren artean emandako topaketa metaforiko batek ardaztuko du proiektua. Orainaren eta iraganaren, bizitzaren eta heriotzaren arteko konexioa sortuko du topaketa horrek: haietako bat zinemagilea da eta bestea 1982an zendu zen Elbira Zipitria andereñoa. Ira ezizenez ere ezaguna, garai batean Donostiako ikastola bakarraren sortzaile izan zen. Etxean bertan irakasten zuen, gerraostean, klandestinitate egoeran.

Filmaren zuzendaria bizi da orain etxe horretan. Berak ez zuen Elbiraren berri, baina jakin zuenean, hari buruzko filma egitea erabaki zuen. Bada, Oleagaren begirada pertsonala jasotzen du pelikulak. Ezagutza behar gisa; performancea bitarteko gisa.

Iratxe Fresnedaren Lurralde Hotzak filma, bestetik, bidaia geografikoaz harago, irudien bidez eraikitako bidaia da: emakume baten mamu eta barrenetatik abiatzen den bidaia pertsonala, begiratzeko modu bat. Euskal Herrian hasi eta Eskandinavian barrena, hots, lurralde hotzetan, lehenago Theo Angelopoulos, Bego Vicario, Ruth Hillarp edo Win Wenders zinemagileen istorioetan ezagutuko ditugun paisaietara itzuliko da zuzendaria, bere lorratzak poema bilakatuz.

Iratxe Fresneda arrigorriagarraren lehen film dokumentala da, eta zortzi hilabetez bakardadean errodatua izan dela du ezaugarri handiena. 2017ko udan hasi, eta 2018ko negua bitarte, filmak jendartean, hirietan eta paisaietan galdu den begirada bilatu du zuzendariak, besteak beste, Aragoi, Euskal Herria, Alemania, Danimarka, Suedia eta Islandian barrena bidaiatuz.

FICXeko 56.edizioaren Llendes atalean egingo dute bi filmek mundu mailako estreinaldia. Euskal emakume zinegileak, Gijondik mundura.

0