Kritika: ‘Cold War / Zimna Wojna’

Zuzendaria: Paweł Pawlikowski
Urtea: 2018
Herrialdea: Polonia-Erresuma Batua-Frantzia

Goazen beste aldera, ikuspegi hobea izango dugu

Zinean Gerra Hotza agertu den bakoitzean, espioien filmak edo film politikoak egitea topikoa izan da, gaiak atzean dakarren aberastasuna gehiegi mugatuz. Paweł Pawlikowski zuzendari poloniarraren azken filmaren kasuan, izenburuak berak argitzen digu zein izango den ikusiko dugun garaia: Gerra Hotza. Hala ere, Pawlikowskik topikoak bazterrean uzten ditu eta hasieratik kontatu nahi duen horretan arreta jartzen du, amodiozko istorio gazi-gozoa.

Zula (Joanna Kulig) eta Wiktor (Tomasz Kot) gerraosteko Polonian ezagutuko dira folklore-musikalaren eta dantzaren atze-oihala dutelarik, eta, berehala, ezin eutsizko erakarpena sortuko da bien artean, nahiz eta hasiera batean oso desberdinak diren. Zularen jatorria apala da, Wiktor, aldiz, findua eta ongi hezitakoa. Bien bizitzak kontrajarriak dirudite, baina film erromantiko onenetan ikusten den bezala, patuak aurretik hautatutako etorkizuna idatziko die. Zula uhar sutsu batek zuzentzen du (femme fatale klasikoen antzera), eta Wiktor berarekin batera amodiozko errusiar mendi batean sartuko da, ikuslea ere bertan murgilduz. Ez dezagun ahaztu, Cold War zuri-beltzeko film zoragarri bat da eta emoziozko gorabeheretatik eramango du ikuslea. Zirrararako prest dagoen hura, bederen.

50eko hamarkadan Polonian abiatzen da istorioa, Zula eta Wiktor dantza eta kantu folklore-talde bateko parte izanik, lehena abeslari eta dantzari bezala eta bigarrena musikari eta taldearen zuzendari. Arestian aipatu dudan moduan, elkar maiteko dute, eta taldeak lurralde desberdinetatik birak egingo ditu, estalinismoaren eraginaren hatzamarrak taldearen sormen gaitasuna bat batean moztuz (musika irakaslea den Irenaren erantzuna emanaldi estalinista baten ostean txalo ez egiterakoan esanguratsua izango da). Harresi aurreko Berlinera iristen direnean hasiko dira Zula eta Wiktor altzairuzko oihala zeharkatzeko ametsarekin, baina orduan, Casablancako eszena baten antzera, maitaleek ez dute elkar gauzatuko nahi hori, eta komunismotik kapitalismorako bidea Wiktorek bakarrik egingo du. Zula talde folklorikoarekin jarraituko du, zorigaiztoko bidea hautatuz.

Hortik aurrera filmak 50eko hamarkadako Paris aurkeztuko digu, gaueko jazz kluben giroan Wiktor piano-jotzaile gisa nekez bizitzen, beti bere “biziko emakume bakarra” gogoan duela. Noizbehinka Zula eta Wiktor topatuko dira, ez bada Parisen, 60ko hamarkadako Yugoslavian, edo filmaren bukaeran ikusten den bezala, berriz ere Polonian, baina zaila izango dute elkarrekin egotea. Cold War filmak bikotearen amodiozko istorioa samintasunez eta tristuraz estaltzen duela dirudi, baina errepikatzen dut, filma zoragarria eta erromantikoa da, eta ikusteak (eta sentitzeak) merezi du.

Kritika bukatu aurretik, gogorarazi behar dut Cold War filma ez litzatekela aparteko maisulana izango Paweł Pawlikowski zuzendariak darabilen estetikarik gabe. Zuri-beltzaren baliatze liluragarria, enkoadraketen eta planoen eraikuntza originala, musikaren erabilera naturala (Joanna Kulig aktoresak abesten duen Dwa serduszka abestia jazz bertsioan, modu sinplean esanda, txundigarria da) eta lengoaia zinematografiko berriztatzaile baten bilaketa (norbaitek elipsiak narratiboki nola erabili behar diren ikasi nahi badu, ikus beza filma) dira laburbilduz Cold War ez ohikoa bilakatzen duten osagaiak. Dena den, bere aurreko filma Ida ikusteko aukera izan genuenek zuzendari bikain baten aurrean geundela sumatzen genuen. Bere hurrengo proiektua polemikaz inguratutako Edouard Limonov idazle eta politikari errusiarrari buruzkoa da. Ea aurrekoen mailan jarraitzen duen.