‘Visages, Villages’ eta ‘Ziren’ filmak gaur Fas zineklubean ikusgai

Joan zen urteko bi film arrakastatsurekin osatutako proiekzio saio bikoitza ondo du Bilboko Fas zineklubak gaur arratsalderako. Agnès Varda zinegile frantsesak eta JR argazkilari gazteak sortutako Visages, villages izango dugu alde batetik; eta, bestetik, Aitzol Saratxaga euskal zuzendariak sinatutako Ziren film laburra. El Carmen aretoan egingo dute saioa, 19:45ean.

 

2017ak emandako ikus-entzunezko indartsu eta ederrenetarikoa dugu Visages, villages. 90 urte betetzear zegoela errodatu zuen Agnes Varda zuzendariak, eta, hain zuzen ere, bera eta bidelagun duen JR argazkilaria dira filmaren protagonistak.  Hala, bi artistak furgoneta batean menturatuko dira, eta lan grafikoak egiteari ekingo diote Frantziako nekazal guneetako inguruetan.

Mundu osoko hainbat jaialdietan aurkeztu zuten filma, eta, oro har, positiboak dira jaso dituen kritika guztiak. Fas zineklubetik ere istorioaren edertasunari egin diote gorazarre: “bizitasuna, berotasuna, euforia eta ongizatea transmitituko dizkigu”.

Bere partetik, joan zen urteak utzitako euskal film laburrik arrakastatsuenetakoa dugu Aitzol Saratxaga gaztearen Ziren. Zuzendariaren Gradu Amaierarako Lanerako errodatutako proiektua da filma oinarrian, zientzia fikzioa izango genero nagusia eta euskaraz errodatu zuten. Bilboko FANT zinemaldi fantastikoan eurkarazko lanik onenaren saria jaso zuen maiatzean.

Etorkizuneko berrikuntza teknologikoek bizitzaren ziklo naturalean eragin ditzaketen aldaketak ikustaraziko ditu filmak. Carolek bere bikotea galdu zuen duela denbora gutxi, eta oraindik ez da gertakizun trajiko hori gainditzeko gai izan. Testuinguru horretan, mediku batek bere senarra bizitzara ekartzeko metodo esperimental bat proposatuko dio Caroli. Protagonistak erabaki bat hartu beharko du orduan, bere bizitzan eragin zuzena izango duen erabakia.