‘Beldur barik’ gazteei zuzendutako ikus-entzunezko lehiaketa

Indarkeria sexistaren aurkako portaera guztiak bultzatzeko konpromisoari eutsi dio aurten ere Arrigorriagako Udalak, eta Beldur Barik Jarrera 2018  ikus-entzunezkoei zuzendutako lehiaketaren edizio berri bat iragarri du Berdintasun eta Gazteria arloen bidez.

“Mota guztietako arte adierazpenak aintzatetsi, balioetsi eta bultzatzea” da  udal ordezkarien esanetan lehiaketa honen bosgarren edizioaren helburua. Gaur egun emakumeek desberdintasun egoera ugari pairatzen dituzte oraindik. Bada, diskriminazio egoera horiei aurre egiteko modu desberdinak ikustarazi nahi dituzte lehiaketaren bidez, “baldin eta berdintasunean, errespetuan, askatasunean, autonomian eta erantzunkidetasunean oinarritutako jarrera eta jokabideak diren”.

Bi kategoriatan banatuko dituzten 12 eta 26 urte bitarteko gazteak dei egin dituzte parte hartzera. Hala, 12 eta 17 adin tartekoek osatuko dute lehen kategoria, eta 18 eta 26 urte bitartekoek bigarrena. Banaka edo taldeka parte ahalko dute, eta gehienez ere hiru proiektu aurkeztu ahal izango ditu bakoitzak azaroaren 9a baino lehen.

Parte hartzaileek mota edo genero guztietako arte adierazpenak aurkeztu ahalko dituzte (flashmobak, ozen irakurritako olerkiak, bideoklipak, film laburrak, animazioak…), betiere ikus-entzunezko formatuan eta YouTube edota Vimeo bide plataformetako esteta baten bidez aurkezten badituzte. Sariketari dagokionez, kalitate tekniko zein artistikoaz harago,  mezuaren kalitatea eta indarra baloratuko dira. Hots, gogoeta eta eztabaida sortzeko proiektuak duen gaitasuna.

Hala, matxismoaren aurka mutilek erakutsitako konpromisoa eta emakumeen ahalduntzea biltzen dituzten mezuak sustatuko ditu lehiaketak, Beldur Barik jarrera islatzeko.

Parte hartzeko interesa baduzue, Arrigorriagako Udalaren webgunean edota beldurbarik.eus ataria topatuko dituzue xehetasuna.