Gogoan dut orain dela urte dezente -ez dakit zenbat izango nituen, baina txikia behar nuen izan-, telefono mugikor smart eta galaktikoen aitzindari izan ziren, eta jatorriz, dei egitea beste funtziorik ia ez zuten tamaina handiko aparatu soil horietan, bazela denbora-pasarako aplikazio txiki bat: Tetris-a. Forma anitzetako blokeak era batera zein bestera konbinatuz, pantailako hutsune guztiak betetzea zuen helburu. Horretarako, hurrengo pieza zein izango zen ere kontuan hartu beharra zegoen, ustekabeko konbinaketa oker batek partida zapuzteko arriskua baitzuen, blokeek gainezka eginez eta Game Over madarikatu horrekin haserretuz. Baina zertara dator Sobietar Batasunean sortutako puzzle bideo-joko honi buruzko hainbeste kontu? Zinemaldian kazetari lanetan aritu den orok ulertuko didala uste dut. Esan bezala, “dei egitea beste funtziorik ia ez zuten tamaina handiko aparatu soil” horiek garapen izugarria izan dute, eta “telefono mugikor smart eta galaktiko” bihurtu dira.
Gaur egun, denda edo store delakoan bilatuz gero, Tetris-a oraindik ere aurki daiteke, Donostia Zinemaldiko aplikazioa aurki daitekeen bezala. Bere nortasun grafikoa zein korporatiboa (orain SSIFF siglek hartzen dute garrantzia) berritu dituen 66. ekitaldi modernizatuan, SSIFF App-ari esker, kazetariok jaialdiko bederatzi egunetan zehar ikusi beharreko filmak planifikatzeko eta jarraitu beharreko egutegiaren krokisa -gure Tetris partikularra!- era ordenatuan eta txukunean egiteko aukera izan dugu (orain arte zeregin hori burutzeko erabiltzen ziren, eta erabiltzen jarraitzen diren, programazioaren folio edota liburuxkak ahaztu gabe).
Jaialdia hasi baino egun bat lehenago, Donostiara heldu, akreditazioa hartu eta lehen plangintza osatuta poz-pozik hiriaz disfrutatzea litzateke aukerarik onena. Trago batzuk hartu, pintxo pare bat jan, lagunekin barre batzuk bota… Baina ez. Kursaal jauregiko Zinemaldi Plazara jaitsi eta kazetariok prentsa emanaldiez (eta goizeko saioez) gaindiko proiekzioak ikusi ahal izateko eskatu behar izan ditugun gonbidapenak hartzeko odiseari aurre egin behar izan diogu:
- Harategian bezala, tiketa hartu eta txanda iristean mahaira hurbildu.
- Eskaera egin.
- Gonbidapen guztiak amaitu direla entzun.
- Esku-hutsik ez joateagatik libre dagoen edozein emanaldirako sarrera hartu.
- Jaialdia hasi ere egin ez dela, hurrengo aste t’erdirako egindako krokisak bertsio berritu bat behar duela onartu.
A ze buruhausteak dakartzan ordutegiekin borrokatzeak! Izan ere, azaldutako prozedura hau ez da lehen eguneko kontua bakarrik. Goizero, hurrengo egunerako aurreikusitako emanaldietarako gonbidapenak hartzeko ilara izugarriak itxaron izan beharrak kazetarion lana aldrebestu duelakoan nago. Zinemaldi Plazako leihatila 8:30ean ireki izan dute, eta 8:00etan, 7:45ean (jaialdiak aurrera egin ahala lehenago, izan ere, zenbat eta lehenago iritsi gonbidapena lortzeko aukera gehiago), jada pentsaezinezko jende andana aurretik aurkitu izan dut, denak ere mugikorreko aplikazioaren bitartez Tetris berri bat eraiki nahian (egunero-egunero berri bat!). Eta 9:00etako filma ikusteko esperantza izanez gero berebiziko zalantzari aurre egin beharra: ordenagailuek izan dituzten arazo zein hutsegiteen ondorioz sarrera banaketaren erritmo motela onartu eta filma galdu, edota, amore eman, sarrerarik gabe gelditu, plangintza berri bat egin eta goizeko filma ikustera joan.
Hasiberria naizenez, plangintzan asmatu ez dudala pentsatu izan dut askotan, baina ofizioan urteak daramatzatenekin hitz egin eta denak egoera berean gaudela konturatzeak arazoa beste nonbait dagoela ulertarazi dit. Datozen ekitaldiei begira, konponbide edo sistema aldaketari buruzko hausnarketatxo bat egin beharko litzatekeela irakurri diot José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariari berari ere zenbait komunikabidetan.
Hala ere, umorez hartu beharra dago, izan ere, zertara goaz Zinemaldira disfrutatzera ez bada. Eta adibide kurioso bat zuzendariek eta filmetako lan-taldeek ematen dituzten prentsaurrekoetan aurki daiteke. Guztiz zilegi da, bakoitzak nahi duena galdetzeko askatasuna dauka, baina beti dago norbait protagonismo nahian, galdera zuzenak egin ordez, mikrofonoa hartu eta bere bizitza kontatzeko aukera ikustearekin batera gainerakoak aspertzeko dohaina duena. Niri, behintzat, dibertigarria iruditzen zait protagonismo unetxo hori eskuratzeko prentsaurrekoetara bertaratzen diren horien kemena. Eta ez naiz bakarra, maleziarik gabeko iruzkinak eta barretxoak entzuten baitira diskurtsoak luzatzen doazen heinean. Bide batez, esker hitzak besterik ez unean-uneko euskarazko itzulpenaz arduratu diren kideei, eskertzeko moduko lan zoragarria egin baitute.
Baina disfrute horren barruan bada sufrimendu txiki bat ere. Behin goizean enegarren aldiz birmoldatutako krokisa finkatuta, egunean ikusitako hiru, lau edota bost pelikulei buruz idaztea tokatzen da, batetik besterako tarteetan edota gauez, etxera heltzean. Azken aukera honek goizaldeko ordu txikietara arteko lana dakar, askotan nekearen nekez zer eta nola idazten ari zaren ere ez dakizula. Egin beharra dago, ordea. Gogoz eta ilusioz, gainera.
Zinemaldia, beste edozein ekitaldi bezala amaitu egiten da, gorputzean nostalgia sentsazio bat utziz, hurrengo urtean berriz ere bertan egoteko aukeraren itxaropenez. Bitartean, Lekeitioko Euskal Zine Bilera, ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia eta gainerakoak datoz.