40+1. Lekeitioko Euskal Zine Bileraren lehiaketak baditu bere irabazleak. Pello Gutierrezen Zain filmak jaso du film onenaren saria, eta Miren Mujikak jaso du zuzendaritza onenarena. Igor Rezolaren Fabrika(k) lanak jaso du gidoi onenaren errekonozimendua, eta azkenik, Eukeni Arriortuaren Pastoreak filma saritu du publikoak.

Saridun guztien talde-argazkia. (Argazkia: Euskal Zine Bilera)

Markak hautsita agurtu dute 2018ko Euskal Zine Bileraren 40+1 edizioa, inoizko aldirik jendetsuena. Urriak 12an ospatu zuten amaiera ekitaldia, eta bertan banatu zituzten sari nagusiak. 20 film izan ziren antolatzaileen langa igaro, eta lehiaketan sartzea lortu zutenak. Eider Egurenek, Mikel Zumetak, Itziar Ituñok eta Maider Oleagak aztertu dituzten lanok, eta haiek izan dira ere saridunak erabakitzearen arduradunak.

Pello Gutierrez donostiarrak zuzendutako Zain filmak eraman du film onenaren saria. ‘Euskal nortasunen topikoa umorez azaldu’ eta, ‘prisma surrealista baten bidez’ eraldaketa proposatzen duen filmak irabazi du jaialdiaren 41.edizioa. Sari Nagusia den Urrezko Antzara eta 1.900 €-ko ordainsaria eskuratu zituen Gutierrezek.

Zuzendaritza onenaren saria, berriz, Miren Mujika izan da, Shell Phone filmean burututako lanagatik. Bere burua teknologia berriak erabiltzera behartua ikusten duen amona baten istorioa aurkeztu zuen Mujikak, eta Zilarrezko Antzara zein 1.600 €-ko ordainsaria jaso zituen.

Gidoi onenari dagokionez, Igor Rezolak jaso du Fabrika(k) lanagatik. Lan-munduak mendebaldean bizi izan duen eraldaketaren erradiografia azaldu zuen Rezola, eta kontakizun onenaren saria jaso du bueltan. Miren Mujikak bezala, Zilarrezko Antzara eta 1.600 €-ko ordainsariak jaso zituen.

Era berean, aurten berrikuntza izan den Ikuslearen Saria banatu zuten ere. Eukeni Arriortuaren Pastoreak filma aukeratu zuen publikoak, lehiaketa egunetan zabaldu zen bozka prozesuaren bitartez. Dokumental honetan, mendeetan barrena Euskal Herrian oso sustraitua egon den Artzaintzaren egungo egoera azaldu du Arriortuak, eta berarentzat izan dira ikusleek banaturiko Zilarrezko Antzara eta 750 €-ko ordainsaria.

Publikoa protagonista

Film parte-hartzaile zein sarituak ez ezik, egunez egun Ikusgarri aretoa bete duten ikusleak txalotu ditu ere antolakuntzak. Izan ere, bataz beste 100 ikusle izan ditu proiekzio salak jaialdiaren egun bakoitzean, azken urteetan izan den kopuru handiena. Nabarmena izan da hobekuntza Euskal Zine Bileraren formatuari dagokionez, eta ikusleek gustura erantzun dute. Aurrera, bada,  40+2 edizioa izango denaren prestaketa lanekin.