Haurrentzako estreinaldiak, euskaraz

Zineuskadiren bitartez Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Zinema Euskaraz programari esker, Smallfoot eta Horman Erlojua duen Etxea filmak euskara hutsean estreinatuko dituzte gaur EAEko eta Nafarroako zinema aretoetan. Proposamen bikoitza honekin, zortzi dira jada aurten euskaraz estreinatutako filmak.

Udako atsedenaren ostean, zinema-aretoetara itzuliko da Zinema Euskaraz programa. Komunikazio kulturalerako tresna gako gisa, eta euskararen erabilera bultatzeko asmoz, Zineuskadi elkarteak euskaratutako hainbat film eskainiko ditu urte amaiera bitartean. Gaurkoan, estreinaldi bikoitza egingo dute Smallfoot eta Horman Erlojua duen Etxea filmekin, eta Udare erraldoiaren istorio sinestezina filmaren estreinaldia iragarri dute ere azaro alderako.

Donostia Zinemaldiaren 66.edizioan egin zuten Smallfoot –en aurrestreinaldia, eta bertan izan zen Danny DeVito filmaren ekoizlea ere bai.  3Dtan landutako kontakizuna da, eta Sergio Pablos espainiarraren jatorrizko ideiatik abiatuta, Yetiaren mitoaren kontakizun eraldatu bat proposatuko digu. Yeti gazte eta azkar batek halakorik ez zegoela uste zuen zerbaitekin egingo du topo, gizaki batekin, hain zuzen. “Gizaki” horren berri izateak yetien komunitate xumea aztoratuko du: zenbat gauza gehiago existituko dira herrixka elurtutik hara?

Era berean, Horman Erlojua duen Etxea izeneko fantasia gotikoa izango da ikusgai ere bai. Filmak 10 urteko haur baten, Lewisen, istorio magikoa azaltzen du. Umezurtz geratu ostean, osabaren etxe zaharrera lekualdatuko da bizitzera, eta erloju misteriotsu bat topatuko du bertan. Handik gutxira, eta haurraren aurkikuntzarekin lotuta, ordura arte aspergarria eta lasaia zen herriko bizitza asaldatu egingo da, ezustean, mundu ezkutu bateko mago eta sorginak erakarrita.

Euskarazko hurrengo estreinaldia azaroan egingo dute, Udare erraldoiaren istorio sinestezina filmarekin. The giant pear ipuinean oinarrituta dago istorioa, eta itsasoko munstroak, pirata higuingarriak eta udare erraldoiak protagonista dituen aparteko abentura bat erakutsiko du.