Urriaren 15etik 22ra egingo dute Zinemakumeak gara! jaialdiaren hogeita hirugarren edizioa, eta emakumeek zuzenduriko filmen emanaldiak, hitzaldiak eta mahai inguruak izango ditu ardatz. Aurten gainera, maitasuna izango da gai nagusia, bere forma, genero eta alderdi guztietan.

Leyla Buzid zuzendari tunisiarraren À peine j’ouvre les jeux filmak zabalduko du egitaraua urriaren 15ean, baina hilaren 22ra bitartean, egunero egongo da zer ikusi. Berebiziko bidaiak (Maite Ruiz de Austri), Amores Urbanos (Vera Egito), Urte Ilunak (Arantxa Lazkano)…

Aurten aukeratutako gaia Maitasuna da, eta zuzendari gazteen hainbat flm labur eta luzeren bidez jorratuko dute gaia. Zinema-emanaldiak osatzeko hitzaldiak, solasaldiak eta mahai-inguruak izango dira ere, “maitasun erromantikoa” eta amodioaren askotariko formak berrikusi eta horretan sakontzen lagunduko dutenak; amodio-mitoei buruzko estereotipoak sortu eta betikotzeko zinemaren eragina ere aztertuko dituzte.

Aurtengo edizioak, gainera, Ezezagunak atala estreinatuko du: Euskadiko Filmategia eta Kimuak egitasmoarekin sinatutako kolaborazio baten bidez, emakumezkoek sorturiko euskal zinemagintzari emango dio bultzada. Hala, Arantxa Lazkano zuzendariaren obra bistaraziko dute, eta film laburren erakustaldi bat izango da ere.

Jaialdiaren azken txanpan, hilaren 20an hain zuzen, Simone de Beauvoir saria banatuko diote Patricia Ferreira zinemagileari.