Aurtengo Donostiako zinemaldian, jakina, film aipagarri bat baino gehiago erakutsi dute. Besteak beste —eta nik ikusitakoen artean— gogora etortzen zait guztiz gomendagarria den Pajaros de verano kolonbiarra. Izan ere, maisuki kontatzen du nola kalamuaren salmentak astindu egin zuen komunitate indigenen gizarte tradizionala duela 40 bat urte; beraz, kartel ospetsuak sortu aurretik.

Halaber, Iciar Bollainek Yuli bikaina aurkeztu zuen, dantzari baten eta Kubaren historiaren erretratu zoragarria osatuz. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Peter Strickland-en In fabric sailkaezina, giallotik, Luis Buñueletik eta Jess Francotik (bere film onen apurretik, noski!) asko duena.

Hala ere, gaurkoan euskal film batez hitz egin nahi dut; hain zuzen ere, Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzenen inguruan jardungo naiz.

Ni, egia esan, guztiz gogotsu sartu nintzen aretoan filma ikustera eta, beharbada, aitortu behar dut gehitxoago espero nuela. Alabaina, agian, azken hau logikoa zen; izan ere, gizon honetaz zerbait irakurtzen nuen bakoitzean, mito antzeko bat marrazten zen neure irudimenean. Eta mitoak, ondo egonda ere, mitoak dira; besterik ez.

Hala eta guztiz ere, esan behar dut Lezo Urreiztietari buruzko film bat egitea ura edatea bezain beharrezko genuela geure herrian. Horregatik, bakarrik bada ere, eskerrak eman beharrean gaude Martinezi. Izan ere, herritar xeheok —berdin da zer herri den—, normalean, ez dugu geure herriaren historia (dokumentatua!) ezagutzen; eta euskaldunok —euskal herritar garen aldetik, behintzat—, are gutxiago.

Gauzak horrela, Martin Ugaldek Lezo Urreiztietari berari egindako 35 orduko elkarrizketa luze oinarri hartuta ondu du pelikula bilbotarrak. Kaseteek hamarkadak omen zeramatzaten Andoaingo udaletxean gordeta, “edonoren esku”. Aitzitik, Josu Martinez izan da horiei film itxura eman diena. Hortaz, dokumentalak pertsonaia heterogeneo, kontrabandista, elizkoi, aita txar, abertzale, ero honen bizitza sinesgaitza kontatuko digu, baita haren argi-ilunak ere.

Horrela, animazioak, artxiboko irudiak, elkarrizketak, eta birsortzeren batzuk ere erabiliz azalduko zaizkigu —egindako balentrietako gutxi batzuk aipatzearren— zelan gizon honek, 1934an, ehunka matxino atera zituen Asturiasetik itsasoz; edota, Espainiako gerra bitartean, nola eutsi ahal izan zitzaion 8 hilabetez Bizkaiko fronteari, era suizida batean, Urreiztietak itsasontziz ekarritako armekin. Azkenean, ikasiko dugu Urreiztieta Euskadi tropikalaren benetako asmatzailea ere izan zela. Erraz esaten da.

Zoritxarrez, Lezok ausardia horiek guztiak egin ahal izateko, nor edo nork pagatu behar zituen ordainak; eta horiek, batez ere, familiakoak izan ziren. Hori ere agertuko zaigu filmean.

Berriro ere, eskerrik asko, Josu.