Zine betekada

Bada astebete Donostiako Zinemaldia amaitu zela, eta utzi didan zine betekadaz errekuperatzeko astia izan dut. Ez gaizki ulertu; betekada da bai, baina betekada ona, gustoz jasaten duzuna.

Akreditazioa jaso osteko ilusioa

Nire Zinemaldiarekiko maitasuna aspaldi jaio zen: txikitan ikastolarekin Belodromora filmak ikustera joaten ginenetik. Niretzat oporrak baina hobeak ziren egun horiek; zinemara gindoazen, (eta ez edonolako zinema, zinema erraldoi batera gindoazen), beste ikastoletako haurrekin topo egiten genuen eta aurrez ikusi gabeko filme batetaz disfrutatzen genuen.

“Big” (Penny Marshall, 1988)

Zinemara bakarrik joateko adinera iritsi ginenean lagunekin joaten nintzen Zinemaldira. Urtean zehar ikusi ezin genitzaken filmak aukeratzen genituen eta liluratuta irteten ginen. Oker ez banago nire lehen azpitituluak irakurri nituen Zinemaldian.

“Jibeuro” (Lee Jeong-hyang, 2002)

Donostira zetozen famatuekiko jakinmina ere izan nuen bolada batean. Kursaaleko alfombra gorrian ikusmiran egoten nintzen nor ailegatuko zain. Gehiegi iraun ez zuen bolada bat izan zen, niri Zinemaldiko mamia interesatzen zitzaidan, filmak, eta, beraz, epaimahi gaztean izen eman nuen. Hiru urtez ibili nintzen zinez gose ziren gazteez inguraturik, egunero hiruzpalau filme ikusi eta haiei buruz eztabaidatzen.

Ordutik era desberdinetara disfrutatu ahal izan dut Zinemaldiaz: harreman publikoetako sailean lan egin dut, ikusle bezela joan naiz eta kritikari bezala ibili naiz zinea.eus eta Berria egunkarirako. Eta urtetik urtera ilusio gehiagorekin itxaroten dudan garaia bada ere, inoiz ez ditut ahaztuko Belodromoko egun horiek, gure begien aurrean magia gertatzen ari zela sinisten genuen garai hura.