‘Gure Oroitzapenak’, Ipar Euskal Herrian ikusgai

Aste honetatik aurrera, Ipar Euskal Herriko hainbat areto txikitan izango da ikusgai Gure Oroitzapenak film kolektiboa. Donostiako Zinemaldiaren Zinemira sailetik igaro ondoren estreinatuko zuten atzo Donibane Garaziko Le Vauban aretoan.

Urteetan bidelagun izan da Joseba Sarrionandiaren literatura, une askotan euskal kulturaren adierazpide nagusiena. Gure sortzailea, ordea, ikusezina izan da urte luzez, zuri-beltzeko argazki izoztua. Idazlea iruditan agertzea izan du helburu filmak, argazki batek erakusten duenaz harago. Poeta ez da ezer, bere obra ez bada. Eta horregatik, autorearen obrak iruditan jartzea izan da hura pantailara ekartzeko modua.

Maider OleagaAne MuñozJosu Martinez, Eugene Green, Itziar Leemans, Carlos Quintela, Asier AltunaMaialen Sarasua,Fermin MuguruzaOskar AlegriaMireia Gabilondo eta Ozcan Alper dira hamabi zinemagileak, baina sortzaileek adierazi dutenez, auzolana da proiektu honen ardatza. Izan ere, honetan edo hartan, berrehun lagun baino gehiago ari dira lanean

Josu Martinez obra kolektiboaren zuzendarietako bat izango zen atzoko estreinaldian, eta honen ondotik, Ipar Euskal Herriko beste hainbat herritan ikusi ahalko da ere filma. Emanaldi guzti hauetan sortzaileren baten parte hartzea egongo da. Hilaren 19 helduko da filma Hego Euskal Herrira.

Datozen hilabeterako emanaldiak:

Urriak 8. 20:30. Donibane Garazi (Le Vauban) – Josu Martinez zuzendariarekin

Urriak 9. 20:30. Hendaia (Les Variétés) – Mireia Gabilondo zuzendariarekin

Urriak 11. 20:30. Donapaleu (Saint Louis) – Manex Fuch aktorearekin

Urriak 12. 20:45. Baiona (L’Atalante) – Ane Muñoz zuzendariarekin

Urriak 13. 20:30. Maule (Maule Baitha) – Oskar Alegria zuzendaria eta Popol Boscq aktorearekin

Urriak 14. 18:00. Kanbo (L’Aiglon) – Josu Martinez zuzendariarekin

Urriak 15. 20:00. Urruña (Itsas Mendi) – Manex Fuch aktorearekin

Urriak 17. 21:00. Donibane Lohizune (Le Sélect) – Itziar Leeman zuzendariarekin