Amaitu da ‘Agur Etxebeste!’ filmaren errodajea

Abuztuan hasi ziren lehen hartualdiak grabatzen, eta sei astez Bergaran, Irunen, Hondarribian, Eibarren, Pasaian eta Zinealdea estudioetan lanean ibili ostean, atzo amaitu zituzten Agur Etxebeste! filmaren errodaje lanak. Asier Altuna eta Telmo Esnal zinegileen gidaritzapean, 2019an estreinatuko da filma.

‘Agur Etxebeste!’ filmaren lan-taldea.

2005ean izan genuen lehendabiziko aldiz familia xelebre honen berri. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zuten filma, eta berariazko tokia betetzen du euskal zinemagintzaren historia garaikidean. Izan ere, azken urteetan sektoreak jasan duen loraldiaren mugarri da. ‘Handia’ efektua ezagutu dugun arte, inoiz ikusle gehien erakarritako euskara hutsezko filma izatearen domina jantzi du urte askoz, eta sekulako urratsa suposatu zuen horrek oso-osorik euskaraz filmaturiko lehen filma izan zen honentzako.

Lehen filma aurkeztu zutenetik hamalau urte igaro direnean ausartu dira jatorrizko lantalde tekniko eta artistiko berdinak (Ramon AgirreElena IruretaPaco SagarzazuIban Garate, Iñake Irastorza eta Patxi Gonzalez ) berriro elkartu eta jarraipena grabatzera. Filmaren zuzendariak adierazi dutenaren arabera, “emozio handiko asteak izan dira”, baina “oso pozik” daude denak emaitzarekin. Aspaldiko ezagunak dira denak, eta aitortu dute barre asko egin dutela elkarrekin, eta lana oso erosoa eta erreza izan dela.

Altuna eta Esnalen esanetan, “komedia baten aurrean gaude. Muturreko egoerak islatzen dituen komedia”. Etxebeste familia berriro ere, baina saltsa berri batean murgilduta: “Pertsonaiak aldatu dira, gizartea eta egoera ere aldatu dira, baina esentzia bera da. Guretzat oso interesgarria izan da pertsonaia bakoitzaren garapena ikustea”.

Oraingo honetan, ‘osasun arazoak’ direla eta, akate kargua uztera behartua ikusiko du bere burua Patrizio (Ramon Agirre)  protagonistak. Hala, eta udaletxeko aginte osoa ez galtzearren, bere emaztea den Maria Luisa (Elena Irureta) izendatuko du herriko lehen emakume alkatea. Maria Luisak bere lana serio hartu, eta goitik behera aldatuko du udaletxeko funtzionamendua. Aldaketaren zantzuak famili egiturara iritsiko dira ere, eta tirabirak sortuko dira ere bikote harremanean.