Zabalik da 2018ko Irudienean izena emateko epea

Beste urte batez, 2018an euskaraz sorturako ikus-entzunezkoen erakusleiho izango da Irudienea gunea Durangoko Azokak iraungo dituen bost egunetan. Dokumentalak, film luzeak, film laburrak, web-telesailak, animazioak, esketxak… dei egin dituzte parte hartzera, egun joera den sorkuntza aniztasuna ordezkatzeko.

‘Handia’ efektua: zerk mugitzen gaitu? mahai-inguru osteko irudia, iaz Irudienea gunean.

53. Durangoko Azoka abenduaren 5etik 9ra luzatuko da aurten, eta zabalik da jada standak eskuratzeko aukera. Horrez gain, urriaren 1ean zabaldu zuten ere euskal ikus-entzunezkoen topagunea den Irudienean parte hartzeko eskaerak bidaltzeko epea, eta hilaren 15era bitartean egongo da zabalik.

Dozenatik gora ekoizpen izan ziren ikusgai iaz Euskaltzaleen Topaguneak kudeatutako gunean, besteak beste, Aterabidetik (Jon Rementeria eta Ibon Meñika, 2017), Estitxu (Franck Dolosor, 2017), Gernikaren egiak (IPES, 2017) eta Mintzalagunak (Goiena Telebista, 2017) bezalako dokumentalak; Handia eta Bi txirula (Iñigo García, 2017) fikziozko lana arrakastatsuak, Donostia Zinemaldian estreinatutakoak biak; eta Areka (Atxurra taldea, 2017), Euritan (Arantza Santesteban eta Irati Gorostidi, 2017) eta Zulo (Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola, 2017) film laburrak.

Horrez gain, zenbait mahai-inguru, aurkezpen… jaso zituen ere. ZINEAko lagunok, esaterako, ‘Handia’ efektua: zerk mugitzen gaitu? izeneko mahai-ingurua antolatu genuen. Azken 30 urteetako euskal film ikusiena bilakatu den Handia fenomenoa izan genuen aztergai, eta euskal industriaren zein ikusleen ezaugarriak xehetu genituen ordu eta erdiko iraupena izan zuen saioan. Angel Aldarondo zinema aditua; Iratxe Fresneda irakaslea, zinegilea eta zinema-kazetaria; Santi Leoné historialaria eta zinezalea; Amaia Serrulla Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kidea; eta Zigor Etxebeste irakasle eta zinema aditua izan ziren gurekin gonbidatu eta hizlari gisa.

2018ko deialdia

Urriaren 15era bitarte egongo da zabalik Irudieneara lanak aurkezteko aukera. Horretarako, Durangoko Azokako webgunean topatuko dituzuen argibideak jarraitu beharko dituzue, eta dagokion arduradunak baieztatuko du zuen parte hartzea.

Espazioaren kudeaketaz arduratzen den Euskatzaleen Topagunetik adierazi dute ahalegina egingo dutela jasotako lanen aniztasuna islatuko duen plaza osatzen, eta hala, genero guztietako ikus-entzunezkoak onartuko dituztela.