ZINEBI Networking 2018, Dokumentalen sorgunea izeneko zine dokumentalari buruzko lehenengo foro profesionalerako deialdia zabaldu berri du Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak.

Euskal Herrian bertako talentu eta ekoizpena bultzatzea da ekimenaren helburua; bertako ikus-entzunezko egitura handitu, eta euskal eragileek eta erakundeek sektoreko enpresekin eta profesionalekin nazioarte mailan lankidetzat aritzea. Euskal Telebistak, Euskadiko Produktoreen Elkarteak (EPE-APV), Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) eta Bilbao Ekintzak sinatutako lankidetzaren fruitu da, eta hauek izango dira partaide eta sustatzaile nagusiak.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak –ZINEBIk– jasoko du ekimena, eta bertatik igaroko diren sortzaile eta profesionalen garapen artistikorako plataforma izateko xedez sortu dute aurten lehen aldiz. Esperientzien, jakin-minen eta interesen trukaketarako espazioa izango da, harremanak egin eta sinergiak sortzeko plaza.

Ekoizpen prozesuan edo garapen egoera aurreratuan dagoen proiektu orori zuzentzen zaio deialdia, eta datorren urriaren 26ra arte egongo da zabalik. Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalek eta adituek osatutako batzordeak proposamen onenak aukeratuko ditu foroan parte hartzeko, eta irabazleak 10.000 euroko laguntza jasoko du.

Proposamenaren balio estetikoa eta produkzioaren bideragarritasun profesional eta ekonomikoa hartuko dira kontuan aukeraketa egiteko, eta aurre hautatutako horiek  proiektuak prestatzeko lantegi batean hartuko dute parte jaialdiaren aurreko egunetan. ZINEBI 60. Edizioaren amaiera ekitaldian jakinaraziko da lan irabazlea zein den.

Ekimenaren inguruko informazioa, oinarriak eta izen emate formularioa hemen.