Jonás Trueba zuzendari gaztearen azkeneko lau filmak ikusteko aukera izango da bihar, urriak 6, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan.  Jardunaldi irekia izango da, eta zinemagileak filmatutako material ezberdinak erakutsiko ditu bere ohiko lantaldeak lagunduta.

Argazkia: Tabakalera

Gazte nerabeengana hurbiltzeko helburuz, ohiko formatua gainditzen duen proiektu zinematografikoa da Quien lo impide egitasmoa. Zinema murgiltzailea, esperimentatzeko bidea ematen duena da Donostian aurkeztuko duten hori, ordutegi ezberdinetan, lau zinema-aretoetan aldi berean ikusi ahal izango dena. Izenburua Rafa Barrio musikari donostiarraren kantu batetik datorkio, eta hori dela eta, Berrio bera arituko da zuzenekoan jardunaldiaren amaieran.

Jonás Trueba izan zen Zinema (h)abian – Cinema en Curs programan parte hartu zuen lehen zinemagileetako bat. Gazteekin lan egiteko espazioa eman zion egitasmoak, eta han bizitakoetatik habiatuta zuzendu zuen La Reconquista filma. Hartutako konpromiso horren bigarren fruitua da Quién lo impide proiektua.

2005-2006 ikasturtean  Katalunian abiatutako proiektu pedagogikoa da Cinema en Curs. Sortu zenetik 3000 haur eta gaztek baino gehiagok hartu dute parte, eta zinema zein zinemagintza hezkuntza testuinguruan txertatzea du jomuga. 2017an EAE gehitu zen proiektura, Tabakalera eta Elías Querejeta Zine Eskolaren eskutik. Lasarte-Oriako institutuan garatu zen programa, eta DBH1eko gela bateko  22 ikaslek parte hartu zuten. Mikel Gurrea zinegilea izan zuten bidelagun lehenengo edizio honetan.

Jardunaldiaren programazioa:

– Sólo somos, 90’, Zinema aretoa 1, DCP (Paseak: 11:00, 13:00, 16:00, 18:00).z
Nerabe talde txiki bat bere errepresentazioari buruz gogoeta egiten ari da. Balizko fikzio-pertsonaiak bezala ikusten hasten gara beste gazte askok hausnarketak eta aukerak planteatuko dituzten bitartean, denon artean etorkizuneko pelikula posible bat eraikiz.

– Principiantes60’,  Z aretoa, HD (Paseak: 11:15, 12:30, 16:00, 17:17, 18:30).
Proiektu honen abiapuntu dira Candela eta Pablo eta horregatik izango dira betirako gure hasi berriak. Beraiekin gelditu eta euren maitasun-abentura eta zalantza existentzialak irudikatzeko arriskua hartuko dugu, berez bi pieza diren pieza bakarrean, bi piezek ispilu gisa funtzionatzen badute ere.

 Si vamos 28 volvemos 28,80’, Zinema aretoa 2, DCP (Paseak: 11:00, 12:30, 15:30, 17:00, 18:30).
Batxilergo ikasle-klase bat ikasturte amaierako bidaia egiten ari da, erretratu kolektiboa eta antropologikoa bihurtuko den bidaia; heldutasun eta desinhibizio une zinez bereziak, bakardadea eta integrazioa, maitasuna eta ankerkeria harrapatzen dituena.

– Tú también lo has vivido55’, Ubik: Pantaila esperimentala, HD (Paseak:11:00, 12:15, 13:30, 15:30, 17:20, 18:40).
Berrogeita hamar gazteren lekukotasunek etorkizunean konfiantza itzuliko digute. Aldi berean, grina, beldurrak eta tristurak kontatuko dizkigute. Denek sinesten dute kameragan eta eskuzabaltasunez, emozioz beteta, umore eta bizkortasunez hitz egiten dute.

20:00etan,  Jonás Trueba eta proiektua gauzatu duen taldearekin mahai-ingurua eta Rafa Berrioren kontzertua.