Kontakizun erreal baten fikzioa

Azken arnasa arte ikus-entzunezkoa estreinatu dute aste honetan, gure nagusien duintasun eta kemenari gorazarre egiten dion film laburra. Euskal presoen senitarteko adinekoen egoera azalera ekarri nahi duen proiektua da, eta Euskal Herriko zenbait txokotara helduko da datozen hilabeteetan egingo duten aurkezpen bira bati esker.

Kontzientziak mugiaraztea eta gaurkotasunezko errealitate bati ikusgarritasuna ematea da ikus-entzunezkoaren xedea, “Gure aitita eta amamak ez dira inoiz kexatzen, asko jasaten dute eta, kasu askotan baldintza eta egoera oso gogorrei egin behar diete aurre. Eredugarria eta txalogarria da jokatzen duten papera”. Azken urteetan izandako hainbat esperientzien bilduma eta irakurketa egin dute, eta ekoizpen “hezitzaile, artistiko eta pedagogiko bat” osatu dute horiekin.

Rita Naveira eta Koldo Zelestino izan dira egile zuzenak, baina Kurkuluxetan elkartearen babesa izan dute atzetik. Kafe Antzokiak gidatutako kultur egitasmoaren barruan, haur eta gazteei zuzendutako edukien ekoizpenaz arduratzen da taldea, eta beste bost film labur aurkeztu ditu lehenago.

Tartean da iaz hautsak harrotu zituen Motxilaren umea lana, eta film labur honek irekitako bideari emandako segida litzateke Azken arnasa arte, errealitate fikzionatu bat. “Errealitate bat islatu nahi izan dugu; errealitate hau, seguru aski, munduko beste hainbat tokietan ere existitzen da, baina hemen, Euskal Herrian, nabariagoa izan daiteke ia 200 presoen senideak eta adin handiko pertsonak egoera hau pairatzen ari direlako”.

Bi estreinaldi egingo dituzte: lehena aste honetan bertan, Bilboko Kafe Antzokian, eta Hernaniko Biteri Kultur Etxean egingo dute bigarrena, urriaren 10ean. Ekitaldi bereziak izango dira biak, filma proiektatzeaz gainera, musikariak, bertsolariak, dantzariak eta senide ugariren parte hartzea izango dutelako.

Oraindik zehazteke dauden beste hainbat aurkezpen aurreikusi dituzte datozen hilabeteetarako (Lekeitio, Arrasate, Arrakundiaga, Zeanuri…), eta gutxi barru ere internet bidez zabalduko dutela iragarri dute. Oraingoz, euskara hutsez egongo da ikusgai, baina ingelesezko, katalanezko eta gaztelaniazko azpidatziak edukitzea da epe-motzerako helburua.