Urriaren 6tik 12ra bitartean, larunbatetik ostiralera alegia, ospatuko da Euskal Zine Bileraren 41.edizioa, euskara hutsean egiten den Hego Euskal Herriko zinema jaialdi bakarra. Orain arteko edizio indartsuenetarikoa iragarri dute, eta ikus-entzunezkoen arlo ezberdinak lantzen dituzten profesionalak izango dira protagonista nagusiak.

Film emanaldiak, tailerrak eta solasaldiak izango dira hurrengo ostiralera bitarte iraungo duen 41. Euskal Zine Bileraren ardatza. Euskal Zine Bileraren leloa gogora ekarriz, ‘ikusi, entzun, amestu, erein’, ikus-entzunezkoen erabilera, xede eta aukera guztiak bildu nahi izan dituzte. Film lehiaketaren atalean, hogei pieza izango dira Urrezko Antzaragatik lehian, eta historikoa den lehiaketaz gain, Branka, Ganbara eta Zerumuga atalak estreinatuko ditu jaialdiaren 40+1 edizioak.

Aipatutako erabilera anitzez harago, denboraren arteko erlazioa planteatzea izango da horien helburua. Euskal zinemagintzaren iragana, oraina eta etorkizuna landuko dituzte, eta emanaldiak, solasaldiak eta tailerrak egingo dituzte horietako bakoitzaren baitan. Esaterako, Branka atalak hartuko du Euskal Herrian eta euskaraz ekoitzitako lanen erakusleiho izatearen ardura. 49 film aurkeztu dira aurten, eta horietatik 20 hautatu ditu epaimahaiak lehiaketarako.

Aukeraketa horretako film onenak jasoko du Urrezko Antzara, Zine Bilerako Sari Nagusia. Horrez gain, hiru Zilarrezko Antzara banatuko dituzte ere: zuzendaritzarik onenarena, gidoirik onenarena eta ikusleek banatutakoa. Sari fisikoaz gainera, 1.900 euroko ordainsaria jasoko du film irabazleak; 1.600 euro gidoi eta zuzendaritzarik onenak, eta 750 euro ikusleen sariak.

Atzera begira jarriko da jaialdia Ganbara atalaren bidez. Euskadiko Filmategiaren 40. Urteurrenarekin batera, Kimuak katalogoaren 20.urteurrena omenduko du, eta Begirada saria emango zaio urteetan zehar euskal filmen zabalkunde eta nazioarteratzean egindako lanagatik. Atzera begirakoa baliatuko dute, gainera, bertatik igaro diren zenbait lan ezagutzera emateko. Euskal Zinemagintzaren iraganari helduta, Atzo8 saila antolatu dute ere lehen aldiz. Iraganeko irudiak berreskuratu eta ikusarazteko proiektua da, eta erakusketak, mintegiak eta performanceak barnebilduko ditu.

Azkenik, etorkizunera ikusmira izango da Zerumuga atala. Sortzaile eta publiko berriei zuzendutako jarduerak izango ditu oinarri, eta Kameratoia izango da horien buru. Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean antolatutako ikus-entzunezko rallya bigarrenez ospatuko da Lekeitioko zinemaldiaren hegalpean, 24 orduko ekintza izango da aurten, eta parte hartze mugatua izango du. Jaialdiaren lehen asteburuko protagonista izango da ekimena, urriaren 6an eta 7an.

Bi egun falta dira

Urriaren 6an, larunbatean, ospatuko dute EZBren irekiera ekitaldia, 19:30etatik aurrera, Ikusgarri Aretoan. Loli Astoreka eta Aitor Abaroak aurkeztuta, Muntu antzerki taldearen emanaldiaz gozatuko dute bertaratutakoek. Gainera, Begirada Saria emango zaio Kimuak egitasmoari, eta Donostia Zinemaldian estreinatu berri den Dantza (Telmo Esnal, 2018) izango da ikusgai.