Apichatpong Weerasethakul zinegile thailandiarra sarituko du Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk. Aurten ospatuko duten 60.edizioko bigarren ohorezko Mikeldia jasoko du, “sakonera politiko handia” duen eta “errealitatea eta fantasia naturaltasunez uztartzen dituen” zuzendariaren lan “zorrotza eta koherentea” aintzatetsiz.
Azaroaren 16an, Arriaga Antzokian egingo den amaiera ekitaldian jasoko du omenaldia zinegileak. Bere azken Blue film laburraren premierra jasoko du egun horretan jaialdiak, eta baita Apichatpongek Thailandiako beste zinegile garrantzitsu batzuekin batera zuzendutako 10 Years Thailand talde-filma ere bai. Honekin, bigarrenez omenduko du zuzendaria Bilboko jaialdiak. Izan ere, haren filmografiarekin osatutako erakusketa bat programatu zuten orain hamalau urte, 2004an.
Oraingo honetan, Bilbon izango da artista ZINEBIren sari gorena jasotzeko. Ekitaldiaren egunerako programatutako emanaldiez gain, gainera, zinegilearen 22 film labur eta ertainez osatutako atzera begirakoa atondu du jaialdiak azaroaren 14an eta 15ean. Horietako batzuk lehen aldiz ikusi ahal izango dira Espainiar estatuan. Horrez gain, bere filmen inspirazio iturri diren kultur eta arte erreferentzietan zentratutako masterclass bat eskainiko du.
ZINEBIk azaldutakoaren arabera, pribilegiozko tokia hartzen du Apichatpong Weerasethakulek (Bangkok, 1970) begirada propioa eta guztiz originala duten mundu osoko zinegileek osatzen duten talde txikian. Artista plastiko eta ikus-artista gisa egiten duen lanarekin partekatzen du bere sorkuntza zinematografiari eskaintzen dion denbora, eta errealitatea, fantasia, ametsak, amesgaizto eta mamuak izan ohi dira bere lan guztien ardatza.
“Berea exigentzia eta poesia maila altuko zinea da, eta, aldi berean, lehen mailako emozioetara ere jotzen du”. Jarduna iraunkorra izan badu ere, azken bi hamarkadetan biderkatu egin ditu aretoetara eta museoetara zuzendutako egitasmoak: Mysterious object at noon (Dokfa nai meuman, 2000) izan zen bere lehenengo film luzea, eta bultzada handia eman zion bere ibilbideari Rotterdam-eko Nazioarteko Zinemaldian estreinatu zenetik. Cannesko Zinemaldiko Un Certain Regard sailaren saria irabazi zuen Blissfully yours (Sud sanaeha, 2002) lanarekin, eta bi urte geroago zinemaldi horren Epaimahaiaren Saria jaso zuen Tropical Malady (Sud pralad, 2004) lanarekin.
Syndromes and a Century (Sang sattawat) Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia irabazteko lehiatu zen Thailandiako lehenengo filma izan zen 2006an. 2010ean, Cannesera itzuli eta Urrezko Palma irabazi zuen Lung Boonme raluek chat lanarekin. 2016an artistak zineari egindako ekarpena aztertu zuten Londoneko Tate Britain ezagunean.
Bestalde, Haunted Houses Project: Thailand lana ekoiztu zuen 2001ean Istanbuleko biurtekorako; 2006an Faith egin zuen Liverpooleko biurtekorako; 2012an Kassel-eko Documenta izenekoan parte hartzeko gonbidapena jaso zuen, eta The Importance of Telepathy instalazioa egin zuen horretarako. Horrez gain, lanak egin ditu Minneapoliseko Walker Art Center izenekorako (Cactus River, 2012), Saitamako hiruurtekorako (Invisibility, 2016), Singapurreko National Gallery-rako (Ablaze, 2016), Tokyoko Mori Art Museorako (Synchronicity, Hisakado Tsuyoshirekin lankidetzan, 2018), edo Madrilgo Elba Benítez Galeriarako (Fiction, 2018) nazioarteko beste museo eta erakunde askoren artean.