Soziologiako maxima batek dio gizakiok sortzen ditugun errealitateek, euren logikak inposatzen dizkigutela. Nolabait, sorkuntzek Demiurgo papera hartzen dute eta gizakiaren bilakaera bideratzen eta baldintzatzen dute. Esan ohi da, bi pertsonek ilara bat osatzen badute, hirugarren bat elkartuko zaiela, nahiz eta zergatia ez jakin. Eta halabeharrezko patu hori, argi eta garbi ikusten da teknologia digitalen inpaktoan. Pentsa dezagun adibidez, mugikorrek gure eguneroko ohituretan eragin duten eraldaketan.

Zinema maintream-mass-mediatikoan, teknologia digitalak aldaketa itzelak eragiten ari dira. Logika berri hauek hain sendoak dira, zinemaren definizio bera kolokan jartzen dutela. Pertsona batzuentzat, zinema istorioak dira, kontakizunak. Haientzat beraz, zinema gidoia da. Baina reboot eta komikien unibertsoetan oinarritutako filmeek ez dute narrazio-garapenik, akzio-eszenen eta elkarrizketa-autoerreferentzialen konbinazioak dira. Eta Bot edo Adimen Artifizial batek egin dezake lan hori.

Badira ere, zinema dramagintza bezala ulertzen duten pertsonak. Horientzat, zinema antzezlekua eta atrezoa dira hein handi batean. Baina, gaur egun, pareta berdeez beteta daude superprodukzio handiak, eta aktoreek ezerezean landu behar dituzte euren pertsonaiak, antzezlekua eta atrezoa postprodukziorako utziz. Efektu berezien kasuan gauza bera: Harryhausen, Karel Zeman eta Svankmajer-en stop-motion-ak vintage baliabideak dira, eta maketa fisikoak, latexa eta animatronika, nostalgia aldarrikatzen duten filmeen osagai.

Postprodukzioa zinemaren giltzarri bilakatu dela esan daiteke. Baina badira ere, zinema antzezpen bezala ulertzen duten pertsonak. Haientzat, aktoreen lana da, hain zuzen ere, zinemaren epizentro. Euren ustez, aktorerik gabe ez dago zinemarik. Baina aktoreak… benetan ordezkaezinak dira? Orain arte, beharbada, baina deep fake-ak ikusita… Gauzak ez daude hain argi orain.

Baliteke, etorkizun hurbil batean aktoreak ere postprodukzio-osagai izatea. Agian, antzezleek, antzeztu ordez, euren irudia, ahotsa eta intonazioa plugin moduan salduko dute. Baliteke, zinema ordenagailuan hastea, garatzea eta amaitzea, elementu ukigarririk gabe. Fantasia? Beharbada, baina bideo-jokoen zinematikak ikusita, fantasia eta errealitatearen arteko muga oso fina dela esan daiteke.

https://www.youtube.com/watch?v=RH349rd0UGk