EZAEk, Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak, ‘Bidaiariak zinera!’ kanpainaren laugarren edizioa jarriko du martxan. Aurten, ordea, berritasun garrantzitsu bat iragarri dute: euskal zinema izango du protagonista. Kanpaina ostiralean, urriaren 5ean, jarriko da abian, Koldo Almandoz zuzendariaren Oreina filmarekin.
Zine Aretoen elkarteak Zineuskadirekin sinatutako elkarlanari, eta Eusko Jaurlaritzak emandako babesari esker, 62 zinema-aretok hartuko dute parte deialdian. 2018ko azken hiruhilekoan eta 2019ko lehen seihilekoan gauzatuko dute ekimena, zazpi izango dira estreinatuko diren euskal ekoizpenak, eta bi euroko deskontua izango du bakoitzak. Bada, areto bat baino gehiago dituzten zinemek estreinaldiko astera mugatuko dute prezio murrizketa, eta herrietako zine –areto txikiagoek lehen bi asteetan egingo dute.
Egitasmo ezaguna da jada euskal zinemazaleen artean. Aurreko urteetan, esaterako, 20.000 ikusle baino gehiagok probestu zuten eskaintza, eta indar olatuaz baliatu dira antolatzaileak ekimena luzatu eta euskal ekoizpenei lehentasuna emateko. Donostia Zinemaldian Irizar Saria eskuratu berri duen Oreina filmak zabalduko du eskaintza urriaren 5ean, eta beste dozena erdi luze pelikula etorriko dira atzerik.
Cannesko zinema jaialdian parte hartu zuen eta Donostia Zinemaldian Publikoaren Saria lortu duen Another day of life filma izango da bigarrena, urriaren 26an. Azaro hasieran Julio Medem zuzendariaren film berria, El árbol de la vida, estreinatuko da, eta iazko zinemaldian Glocal In Progress deialdiaren irabazle izandako Dantza filma izango da laugarrena. Urte berriarekin batera, Fernando Bernues zinegilearen Soinujolearen Semea helduko da ere aretoetara, eta, azkenik, bi estreinaldi handik itxiko dute zerrenda: ‘Vitoria, 2 de marzo’ eta ‘Elcano, lehen mundu bira’.
62 zinema aretotan
Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 62 zinema-areto batzen dituzten 17 zinema eta zortzi enpresa bazkide gehitu dira aurten egitasmoaren garapenera. Donostiako SADE enpresaren hiru zine daude: Principe, Trueba eta Antiguo Berri; Durangoko Gran Cinema Zugaza; Eibarko Coliseo Antzokia; Getxo Zinemak eta Zornotza Aretoa. Horiez gain, Hirutek enpresaren bost aretok ere bat egingo dute: Andoaingo Bastero kulturguneak, Zumarragako Zelai Arizti aretoak Villabonako Gurea aretoa, Oñatiko zinea eta Lazkaoko Areria zinea. Halaber, Bilboko Golem Alhondiga eta Multicines, Laudio Top Zinema, Beasaingo Usurbe Antzokia eta Errenteriako Niessen Zinema ere batuko dira.