Eloy de la Iglesia eta Rosa Barba, biak bat Tabakaleran

Tabakaleraren lankidetzaz, bisita gidatua egingo dute etzi, urriak 4, Itziar Orbegozo eta Tamara Garcia errealizadoreek Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna eta Rosa Barba. Drawn by the pulse erakusketetara.

Abiapuntu oso desberdinak izan arren, zinemagintza dute ardatz bi erakusketek, eta batera bisitatuko dituzte urriaren 4an. Eloy de la Iglesia zuzendariari eskainitako espazioan hasiko dute saioa, 18:30ean, Tabakalera eraikineko Kutxa Kultur Artegunean. Bisitaldiaren kalitatea bermatzeko, mugatua izango da parte hartzea, eta ezinbestekoa, hortaz, aurrez izena ematea. Aretoan bertan egin daiteke hori, 943 25 19 37 telefono zenbakira deituta edota hezkuntza_artegunea@kutxakulturartegunea.com helbidera idatziz.

Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna
Eloy de la Iglesia zuzendariaren lan guztia biltzen duen lehen erakusketa izango da kutxa kulturguneak hartu duena. Azaroaren 4ra arte egongo da zabalik, eta haren filmografia errepasatzeaz gain, gaur egungo zenbait artistek zinegileak utzitako ondarearen inguruan duten ikuspegia azaltzen duten lanak ere bilduko ditu.

Rosa Barba. Drawn by the pulse
Tabakalerako udako erakusketa Rosa Barba artistari eskaini zaio aurten, eta haren lanak, gaiak, irudiak, testuak eta soinuak izan dituzte inspirazio-iturri ikastaroak zein jardunaldiak aurrera eramateko.