Maiatzean egin zituzten sasoiko azken emanaldiak, eta udako atsedenaldiaren ostean, astelehenean ekingo dio Kresala Zineklubak denboraldi berriari. Urriko zein azaroko saioak iragarri zituzten atzo egindako agerraldian, eta, horrekin batera, taldearen irudi korporatibo berritua ere aurkeztu zuten.

Urriak 8an, datorren astelehenean, egingo dute denboraldiko lehen saioa, Marian Khatchavani zuzendari georgiarraren Dede (2017) filmaren aurkezpenarekin. Bertan 90. Hamarkadan Kaukaso mendietan emakumeek bizi zuten egunerokora gerturatuko gara, behartutako ezkontzak, norberaren pasioak eta familia harremanak ardatz hartuta.  Ohi bezala, Donostiako Trueba aretoan elkartuko dira zinemazaleak, 19:30ean, eta Kristina Zorita kultur kazetaria izango da denboraldiko lehen gonbidatua.

Suziria botata, beste bost filmek osatuko dute abendura bitarteko zikloa. Julia Dahr norvegiarraren Thank you for the rain (2017) txanda izango da bigarrena, urriaren 15ean. Kristina Enea Fundazioa eta Pobrezia Zero elkartearen eskutik, muturreko klima aldaketen eta horren ondorioen ingurua hausnartzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Izan ere, filma Keniako Kisilu Musya nekazariak grabatutako irudietan eta berak sortutako nekazari mugimenduan dago oinarrituta.

Beldurrezko zinemaldiarekin egingo dute lankidetza urriaren 22ko hirugarren saioan. Maialen Beloki Donostia Zinemaldiko zuzendariordea izango da eguneko protagonista berezia, eta, haren bidez, Hitchcock zinegilearen maisulan bati buruzko hausnarketa egiteko parada izango da Alexandre O.Philippe-n 78/52 (2017) filmaren proiekzioa. Physco filmaren dutxako 52 planoen inguruko protagonisten bizipenak eta ikus-entzunezkoen munduan suposatu zuen iraultza jasotzen ditu filmak.

Zinema frantses garaikidea izango da azaroko lehen emanaldiaren mintzagaia, azaroaren 5ean. Nadir Moknèche zuzendariaren Lola Pater (2017) filma izango da ikusgai, Zinok bere aita galduaren bila egindako bidaiaren narrazioa, eta Errespetuz Elkarteko Sarai Montes eta Ares Piñeirok gidatuko dute saioa.

Azaroaren 19an egingo dute azken bigarren saioa, eta zinema beltza izango du ardatz. François-Jaques Ossang zuzendariaren 9 doigts (2017) izango da ikusgai, eta El Contraplano aldizkariko Iñaki Ortiz kritikariak gidatuko du.

Warwick Thornton-en Sweet Country (2017) filmak emango dio amaiera, azaroaren 26an, lehen bihileko emanaldi sortari.  Venezia zein Torontoko zinemaldietan sari bana irabazita helduko da filma Trueba aretora, eta 1929an gertatutako istorio erreal batean oinarritutako kontakizuna egingo du.

Sam aborigenak bere ugazaba den Harry March hil egingo du, bidezko defentsa saiakera batean. Bere emaztearekin batera ihes egitea erabakiko du orduan, baina autoritateek modu nekaezinean jazarriko dute bikotea.

Irudi korporatibo berria

Programazioarekin batera aurkeztu zuten ere elkartearen irudiko korporatibo berria. Marrazkilo diseinu enpresaren lana da, eta irudi aktualago bat helburu, taldearen aldaketa nahiari erantzun dio: “Duela urtebete ikusi genuen irudia berritzeko beharra, bai irudi ‘gazteago’ bat edukitzeko, eta baita ere hura begiratzerakoan emango den asoziazio hori errazteko”.