Gaurtik hasita, eta igandera, urriak 7, bitartean, Donostia Zinemaldiaren 66. Edizioan estreinatutako filmez osaturiko sorta bat aurkeztuko du Bilboko Azkuna Zentroak. Ikus-entzunezkoen indartze programaren baitan kokatu dute ekimena, eta proiektatuko dituzten guztiak, Espainian oraindik argitaratu gabeko pelikulak izango dira.
Raúl de la Fuente euskal zuzendaria eta Damian Nenow poloniarraren Another day of life filmak zabalduko du gaur, astelehena, programazioa. Donostia Hiria publikoaren saria jaso berri du filmak donostiako jaialdian, eta lehenago ere kritika zein publikoaren txaloak jaso izandakoa da munduko beste hainbat jaialdietan. Igandera bitartean egunero egingo dituzte proiekzioak, 20:00etan.
Urriak 1. Another day of life, Raúl de la Fuente eta Damian Nenow. 86’
Kapuscinski poloniar berriemaile bat da, idealista eta alferrikako kausen zalea. 1975ean Angolara, Gerra Hotzaren azken gudu-zelaira, bidaiatuko du. Han, okerreko agurrak ere ordain daitezke biziaz. Afrikako herrialdeak eta bere abenturan ezagutuko dituen pertsonek –adibidez, Carlota gerrillari karismaduna– betirako aldatuko dute Kapuscinski. Ilunaren bihotzera egindako bidaia horrek idazle bihurtuko du kazetaria.
Raul de la Fuente zuzendariak aurkeztuko du filma.
Urriak 2. Manbiki Kazoku / Un asunto de familia, Hirokazu Kore-Eda. 121’
Ohi bezala lapurretan aritu eta gero, hotzez uzkurtutako neskato bat aurkituko dute Osamuk eta haren semeak kalean. Hasieran, Osamuren emazteak ez du neskatoa haiekin geratzerik nahiko, baina azkenean hartaz errukituko da. Familia zailtasunez ateratzen da aurrera, lapurreta txikiak eginez, baina hala eta guztiz ere zoriontsu dira, ustekabeko gertakari batek haien arteko loturak proban jartzen dituen arte.
Urriak 3. Se rock / 3 faces, Jafar Panahi. 100’
Neska landatar bati Teherango Kontserbatorioan ikasten jarraitzea debekatu nahi diote haren senideek, eta Behnaz Jafari aktore ezagunak ezingo dio ukorik egin haren laguntza-deiari. Behnazek, filmaketa bertan behera utzi, eta Jafar Panahi zinemagilearengana joko du gaztearen arazoen atzean zer misterio ezkutatzen den ezagutzeko. Hala, autoz joango dira herrialdeko ipar-mendebaldean dagoen landa-eremu menditsura eta aktoregai gaztearen herriko biztanle adeitsuak ezagutuko dituzte han. Baina bisitariak aurki jabetuko dira abegikortasuna bezain ahaltsua dela tradizioa…
Urriak 4. L’Homme fidèle / A faithful man, Louis Garrel. 75’
Mariannek Abel utziko du eta haren lagunik onenarekin joango da, Paulekin, espero duen haurraren aita baita. Zortzi urteren ondoren Paul hil egingo da. Abel eta Marianne berriro elkartuko dira, baina horrek jeloskor jarriko ditu Mariannen semea, Joseph, eta Paulen arreba, Eva, haurtzarotik Abelekin sekretuan maiteminduta egon dena.
Urriak 5. The Sisters Brothers, Jacques Audiard. 120′
Charlie eta Eli Sisters aurkako mundu basati batean bizi dira. Odolez zikinak dituzte eskuak: hala kriminalen nola inozenteen odolez. Ez dute inor hiltzeko kezkarik. Haien lana da. Charlie, anaia gaztea, hiltzeko jaio zen. Elik, ordea, bizitza normala eramatearekin egiten du amets. Komodoroak gizon bat aurkitu eta akabatzeko kontratatuko ditu. Oregonetik Kaliforniara, ehiza errukigabea hasiko da, bi anaien arteko eromenezko lotura proban jarriko duen iniziazio-bidaia bat… gizatasunera eramango dituen bide bat?
Urriak 6. Capharnaüm / Capernaum, Nadine Labaki. 120’
Nazioarteko auzitegia Zainek, 12 urteko mutilak, epailearen aurrean hitz egin behar du.
Epailea: Zergatik salatu dituzu zure gurasoak?
Zain: Bizia eman zidatelako.
Urriak 7. Mirai, Mamoru Hosoda. 138’
Kun lau urteko haur mainatua da, lainezaz betea. Haren arreba Mirai jaiotzen denean, gurasoek kasu egiteari utziko diote eta aurrez inoiz bizi gabeko egoerak biziko ditu etxean. Baina, orduan, denboran zehar bidaiatuko du haren arreba nerabeak, Kunekin batera aparteko abentura bizitzeko, imajina daitekeenaz harago.