Proiektatu diren filmez eta banatu diren sariez harago, berri pozgarriak utzi ditu ere jaialdi donostiarrak iragan astean. Tartean, jakin dugu Parekidetasunaren eta Emakumearen Inklusioaren aldeko gutuna sinatu zuela jaialdiaren lehenengo egunetan. Honen bidez, berdintasunaren aldeko konpromisoa berretsi, eta, besteak beste, aldaketak helduko dira programazio- eta hautespen-batzordeetara.
Zinemaldiak jada betetzen zituen zenbait konpromisoren berrespena ekarri du gutunaren sinatzeak, baina konpromiso berri batzuk hartzea ere bai. Esaterako, generoaren arabera banatutako estatistikak biltzeko lanean ari direla azaldu dute, hautagai izan diren zein hautatu eta programatu dituzten filmen ingurukoak. Emakumeek zuzendutako proiektuen presentziari buruzko datu fidagarri eta egiazkoak biltzea litzateke helburua.
Horrez gain, hautespen- eta programazio-batzordeetako kideen zerrenda zabalduko, et Zinemaldiko organo exekutiboetan aldaketak egiten joateko egutegi bat ezarri dute. Bi kasuetan parekidetasuna lortzea da xedea. Egun, lau emakumek eta hiru gizonek parte hartzen dute Donostia Zinemaldiko zuzendaritza-batzordean. Hautespen-batzordea, halaber, bost gizon eta lau emakumek osatzen dute.
Parekidetasunaren eta Emakumearen Inklusioaren gutunaren sinatzea sinbolizatu zuen agerraldia egin zuten iragan igandean, eta bertan jakinarazi zuten datorren ediziotik aurrera hautaketa-batzordeak hamargarren kide bat izango duela: zinemaldiko komunikazio arduraduna den Ruth Pérez de Anucita, hain zuzen ere. Halaber, jakinarazi zuten hilabete batzuen buruan aldaketa berriak iragarriko dituztela.