Zinemaldiko Kritikak: In fabric

Zuzendaria: Peter Strickland
Urtea: 2018
Herrialdea: Erresuma Batua
Saila: Sail Ofiziala

Odolezko jantzia

Zinean aho zabalik gelditzea ez da ohikoa izaten, jadanik dena ikusi dugulako ikus-entzunezko munduan. Edo hori uste izaten dugu. Noizbehinka outsider bat agertzen den arte, haizearen kontra dabilen zuzendari originala, eta zur eta lur uzten gaituen egindakoarekin. Baina proposamen ausart hau apur bat ikertzen badugu, ohikoa izaten da originaltasun horretan oinarri eta erreferentzia asko antzematea. Lengoaia estetikoan hau bera gertatzen ohi da, eta denok kontutan hartu beharreko ideia hau da: gure urratsak beste batzuen oinatzen gainean dabiltza. Peter Strickland zuzendar britainiarrak argi ditu oinaze eta oinarri horiek, eta, besteak beste, 70eko estetika argia jarraitzen du, zehazki Italian sortu zen giallo zinea. In Fabric sortu aurretik, Stricklandek bide estetiko hau bi filmekin aurkeztu zuen, Berberian Sound Studio (2012) eta The Duke of Burgundy (2014). Generozko zinea jarraitzen duen edozeinek badaki ikusle guztiek ez dutela onartuko proposamen berezi hori, eta horregatik ziur naiz ikusle askok In Fabric ez dutela gogoko izango.

Stricklanden laugarren filma Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean sartzea erabaki ausarta izan da, eta jaso ditzakeen sariez gain, horrelako film bat Urrezko Maskorragatik lehian egotea albiste dela deritzot. In Fabriceko erdigunea saltoki handi batzuen (nolako saltzaileak bertan!) erakuslehioko soineko gorri eta madarikatu bat da, eta soinean janzten duen edonork madarikazio hori jasoko du, atzera bueltarik gabeko bidai batean sartuz. Madarikatutako objektuak zinean askotan ikusi ditugu, eta deabruari arima saltzearen ondorio izaten ohi dira (Faustoren arrastoa jarraituz), horren truke guztiok bilatzen duguna lortu nahiean: betiereko zoriontasuna. Hala ere “erosleak” ez dira deabruzko ekintza horren ondorioez konturatzen eta horregatik film hauek amildegirako bidaia bihurtu ohi dira protagonistentzako, madarikazioaz libratu ezinik. Olracs Hände (Robert Wiene, 1924), The Red Shoes (Michael Powell, Emeric Pressburger, 1948) edo hurkoago dugun It Follows (David Robert Mitchell, 2014) aipatutako madarikazioen adibide batzuk baino ez dira. In Fabric tradizio honetan ohorezko tokian sartu da.

Filma bi zati nabarmenetan banatuta dago, Marianne Jean-Baptiste aktoresa protagonista den lehena, eta Leo Bill eta Hayley Squiresek antzezten duten bikotearena, bestea. Lehen zatia bikaina da, aktoreen lanagatik eta batez ere sortzen duen erakargarritasun bitxiarengatik. Stricklanden eszenaratzeak osagai ohikoak ditu, hala nola, plano eta argazkilaritza oso landuak eta maisuki koloreztatuak, muntai egokia, soinu banda (musika Cavern of Anti-Matter sailkaezin taldeak sortu du) horren parte bereizezina delarik, eta istorioak behar dituen antzezpen bikainak.

Hala ere, zuzendari britainiarrak hori guztia urrats bat aurrerago eramango du, eta sinesgarritasuna kolokan jartzen duen proposamena eskaini digu. Horregatik diot Strickland oso ausarta dela, formari izugarrizko garrantzia eman baitio, horrek ikusle asko bidean galtzea suposatuko badu ere. Hala ere, zinean (eta artean, noski) ausartak direnak aurrera egiten dute, funanbulistek kablearen gainean ibiltzen diren bezala, amildegitik hurbil.

Bukatzeko, azken hitz bat. Ezin izan dut filmaren bukaera ikusi gure Antonio Merceroren La cabina (1973) filman pentsatu gabe, eta galdera hau burura etorri zait: Stricklandek ikusia izango al du? Soinekoa behintzat, odola bezala, gorri bizia da, profondo rosso.