Italia aldean, filmetako denbora eta gizakiaren denbora parekatzearekin amets egiten zuen Cesare Zavattini gidoilari eta pentsalariak, izan ere, kamerak pertsonaiei inongo esku-sartzerik gabe jarraitu behar ziela aldarrikatu zuen 40ko eta 50eko hamarkadetan, bizitzako gertakari bakoitzetik film oso bat sortu zitekeela utzi zuen idatzita. Zinema aretoak heroiez beteta zeudela salatu eta pertsona arrunten joan-etorriak kontatu nahi zituen. Bada, italiarraren teoriak guztiz gauzatzea inoiz lortu ez bada ere, 66. Donostia Zinemaldiko Sail Ofiziala itxi duen Tuva Novotnyren Blind Spot filmak oso harreman estua izango du zinema ikuspegi errealista jakin honekin. Izan ere, dramatizazio edo azpimarraketa oro eragin dezakeen mozketa bidezko muntaketa klasiko eta tradizionala alboratuz, ordu t’erdi inguruko plano sekuentzia harrigarri batek denbora errealean kontatuko du ama batek bere alaba nerabearen barne krisia ulertzeko zailtasunak eragindako tragediaren puntu itsuak. Gaixotasun mentalen arriskuaz eta horiek kontrolatzeko zailtasunaz hitz egingo du pelikulak.
Aurkeztutako errealitatea errespetatu nahian, zuzendari suediarrak fideltasunez birsortuko du pertsonaientzat zein ikuslearentzat berarentzat ere guztiz intentsoa izango den esperientzia hau. Novotnyk ez die pertsonaiei errurik egotziko, bere kamera behatzaile soil bat izango da, eta istorioa pixkanaka pixkanaka joango da eratzen. Neskatoari jarraituz lehenik, amari gero, eta sendagileari azkenik, kontaketak ez du etenik izango: ikusleak tantaka tantaka jasoko du gertatu denaren eta gertakaria bultzatu duten arrazoien informazioa. Kamerak, esandako behatzaile rola betetzen badu ere, kontrasteek edo elkarren aurka aurkez daitezkeen planteamenduek gorpuztuko dute ekoizpena. Batetik, gurasoen urduritasuna, larritasuna eta erantzun inpultsiboetan kamera mugimendu itsusiak eta bortitzak nagusituko dira. Bestetik, benetako sendagileek haragitutako pertsonaien arrazionalismoa eta kontrol egoera kamera mugimendu lasaiago eta egonkorrekin filmatuko du zuzendariak. Hala, batzuen zein besteen sentimendu edo gogo-aldartea ere formalki islatuko du.
Proposamen guztiz kontrako bat planteatuz, zinema postmodernoaren konstanteak beteko dituen Bad Times at the El Royale filma aurkeztu du lehiaz kanpo Drew Goddardek. Erreferentzia artistikoz beteta egongo da filma, beharbada nabarmenenak, posmodernismo zinematografikoaren ordezkari nagusia den Quentin Tarantinori behin eta berriz egindakoak. Zuzendariaren lan mitikoei egindako keinuak zenbatezinak izango dira: Reservoir Dogs (1992) pelikulako tortura eszena mitikoari egindako omenaldi txiki bat dago, espazio itxi batean gertatuko da istorioa The Hateful Eight (2015) filmean bezala, eta honek zein Pulp Fiction (1994) sarituak duten diskurtso zatikatuari jarraiki, linealtasun denborala hautsiko du Goddardek (bere pertsonaien ikuspuntu aldaketek aurrera eta atzera, oraina eta iragana tartekatuz gidatuko du kontaketa).
1969. urtean kokatutako krimen istorio basatia izango da estatubatuarraren filma, garai hartako AEBetako panorama politiko eta artistikoa erakutsiko duena: Charles Manson, JFK, Martin Luther King, musika modernoaren garrantzia… Gizarte ustez aurrerakoi eta askearen iluntasunean barneratuko da, izan ere, bikoiztasun hori funtsezko ezaugarria izango da filmean. Lehen sekuentziatik argi utziko du zuzendariak errealitatea ez dela fidagarria, pertsonaia guztiek ezkutuko aurpegi bat izango dutela, mozorrotuta aurkeztuko ditu, identitate faltsu batekin. Indarkeriaren biktimak (baina baita egileak ere) izango dira Kalifornia eta Nevada estatuak banatuko dituen lerro zuzen eta gorri adierazgarri baten gainean eraikita dagoen El Royal hoteleko zazpi pertsonaiak. Hain zuzen ere, indarkeria eta bere ondorioak izango dira Goddarden azken lanaren gaia.
Bestalde, Perlak sailari itxiera orain arte aktore lanetan baino aritu ez den Bradley Cooperren A Star is Born filmak emango dio. Izen berarekin, 1937an, lehen aldiz, Wiliam A. Wellman zuzendari estatubatuarrak egin zuen lanaren laugarren egokitzapena izango da (1954an George Cukorek eta 1976an Frank Piersonek ere beraien bertsio propioa aurkeztu zuten). Haurtzaroko trauma eta zauriek eraginda, isolatuta, bakardadean eta drogen menpe bizi den rock abeslari baten istorioa izango da. Cooperrek berak haragituko du gizonezko pertsonaia nagusia, eta Lady Gaga pop izarra izango du aldamenean, izan ere, emakumearen neurrira egindako filma izango da. Pantailako erregina izango da Gagak, abesten agertuko den eszena bakoitzak zur eta lur utziko du ikus-entzulea, pertsonalitate ikusgarria erakutsiko du pelikulako erakargarririk handienean bihurtuz.
Hala ere, nahiko pelikula antzemangarria izango da, kodigo melodramatikoak erabiliz zaletuen sentimenduak ukitzera bideratutakoa. Musikaren industrian barneratuko du zuzendaria ikuslea, musikarien autodestrukzioa, ametsak, frustrazioak… erakutsiz, iraganeko zauriak oraindik irekita dituelarik drogetan eta alkoholean babesa bilatuko duten horiena. Gainera, kolore bizien erabilerak pertsonaien barne krisia iradokiko du, sekuentzia epileptikoak eratuz.