Atzoko hala-nolako egunaren ostean, Zinemaldiak gogotsu ekin dio bere azken txanpari, Urrezko Maskorra lortzeko hautagai indartsu batekin: Carlos Vermuten Quién te cantará filmarekin. Zuzendari madrildarrak Magical Girl lanarekin jaialdiko saririk preziatuena bereganatu zuen 2014. urtean, eta orain, bere hirugarren film luzearekin Vermutek emakumeen mundura egingo du bidaia, beraien barrenak ezagutu nahiko ditu. Horretarako, lau pertsonaien identitateak elkartrukatuko ditu: Lila Cassen Espainiako abeslari famatuenen artean dago, baina hamar urte taularatu gabe egon ostean bere agenteak honen itzulera prestatu nahiko du. Ezbehar batek, ordea, memoriarik gabe utziko du, Youtuben aurkitutako (alaba aldrebes batekin bizi eta karaoke batean lan egiten duen) bere abestien imitatzaile eta fan baten laguntza beharko du berriz ere iraganean izan zen abeslaria izatera bueltatzeko.

Pedro Almodovarri bere ibilbide osoan goraipatu izan zaion emakumeak tratatzeko eta filmatzeko sentsibilitatea antzemango zaio Vermuti. Hala, haren Tacones lejanos (1991) baina Ingmar Bergman suediarraren Persona (1966) lan mitikoetan aurki daitezke zuzendariaren lana ulertzeko gakoak. Ispiluen joko klasikoa, bikoiztasuna, identitate aldaketak, “nor” eta “zer” izateari buruzko galderak… Filmak bidaia obsesibo eta guztiz interpretatibo bat planteatuko du, izan ere, ikusle bakoitzak istorioa bere kaxa ostu beharko du, ez da erantzunik emango, ezta iradoki ere egingo. Geruza asko izango ditu, beti ere, emakume protagonisten bizitza hutsal baina konplexuetatik abiatuta.

Perlak sailean, Veneziako Mostran sarituak izan berri diren bi lan -Urrezko Lehoia eskuratu duen Alfonso Cuarón mexikarraren lan intimo eta melankoliakoa, Roma (filmaren kritika irakurtzeko sartu estekan), eta zuzendari onenaren saria eskuratu duen Jacques Audiarren The Sisters Brothers filma- eta Cannesen epaimahaiaren sari nagusia irabazi duen BlacKkKlansman (Spike Lee) ikusteko aukera egon da.

Audard frantziarrak western-ari buruzko ikuspegi partikular eta berezia erakutsiko du The Sisters Brothers filmean. Patrick deWitt kanadarraren izen bereko eleberrian oinarrituta, Charlie eta Eli Sisters anaien istorioa kontatuko du. Urrea eskuratzeko formula berezia asmatu duen kimikari baten bila arituko dira, hau akatzeko agindua jaso ostean. Zuzendariak bere pertsonaien psikologian barneratu nahiko du, gizaki oinazetsu eta krudelen aurpegiaren bestaldean zer dagoen erakutsi nahian.

Horretarako, genero zinematografikoa bera zalantzan jarriko du, kodigo tradizionalak hartu eta pixkanaka pixkanaka birmoldatuz. Hala, filmean nagusi diren gizonek beraien inpultso edota bulkada basatiei aurre egin beharko die, ordena, arrazoia eta zibilizazioa bilatzeko bidaia honetan. Eta bidaia hau bilaketa jakin batean oinarrituko da: fisikoki zein sinbolikoki argitasunerantz joko dute, maitasunerantz, familian eta etxean aurkitu beharko duten babeserantz. Krisi existentzialak jota dauden eta elkarren artean horren ezberdinak diren Sisters anaiek lorik egiten ere uzten ez dien barne zauri hori itxi beharko dute.

Eta arestian esan bezala, Cannesetik, Spike Lee estatubatuarrak arrazkeriaren eta Trumpen aurkako manifestu gizatiar bat iritsi da Donostiara. Komedia erara planteatuta, salaketa politiko zuzena da BlacKkKlansman filma. 70eko hamarkadan Ku Klux Klan organizazioan infiltratzea lortu zuen, eta lehen detektibe afroamerikarra bihurtu zen Ron Stallworthen istorioa izango du lanak ardatz. Martxoan antolatu zuten ekitaldian emakumezko aktore onenaren eta taldeko gizonezko aktore onenaren Oscar sariak bereganatu zituen Three Billboards Outside Ebbing, Missouri (Martin McDonagh) lanarekin zuzeneko lotura egin daiteke Leeren azken film honetan. Izan ere, pertsonaien eraikuntza, estereotipoen erabilera eta umore beltz zein satirikoaren gainkarga eskutik lotuta joango dira.

Industria zinematografikoak ere Amerikako Estatu Batuetako presidentearen kontrako kanpaina martxan jarri duela jakina da, eta BlacKkKlansman lanak argi uzten du herritarrak kontzientziatzea beharrezkoa dela, arrazakeriak eta eskuin muturreko politikek gorakada beldurgarria izan baitute azken urteetan. Hala, planteamendu estetiko eta bisualaren aldeko apustua egin ordez, gidoi fin eta neurtua izango du. Eta ez da harritzekoa, filma arrazakeria ere jorratzen duen eta gidoi onenaren Oscar saria eskuratu duen Get Out (Jordan Peele) lanaren talde berak ekoiztu baitu.