Zuzendariak: Ana Schulz eta Cristóbal Fernández

Urtea: 2018

Herrialdea: Espainia

Saila: ZINEMIRA

– Gatazkak ez dira inoiz bukatzen, eraldatzen dira (Juan Gutiérrez)

“Espioia barruan” deitu diote Mudar la piel filmari ingelesezko itzulpenean, eta, egia esateko, nahiko aproposa da izenburua, Ana Schulz eta Cristóbal Fernándezek sortu duten hasierako lan honek gauza asko baititu barruan, espioien mundua barne. Duela gutxiko gure historia mingarriak azken urteotan izan du isla euskal zinemagintzan,eta gero eta gehiago ekoiztu dira eta euskal gatazkaren inguruan filmak, bai fikzioan, bai dokumentalean. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailari hasiera eman dion filma aipatu berri dugun Mudar la piel izan da, eta publikoak harrera zoragarria egin dio orain arte izandako emanaldietan. Hori bai, esan beharra dago zinemaldietan ikusleak oldartsuak izaten ohi garela, jaialdia eta aurkezpenen berehalakotasunak bultzatuta. Film berdinaren aurrean esker onekoak edo kritikari bortitzak izan gaitezke.

Schulz eta Fernándezen filmak lehenengoaren aitaren istorioa jarraitzen du, Juan Gutiérrez, ETA eta espainiar gobernuaren arteko emaitzarik gabeko Aljerreko elkarrizketetan bitartekari izan zena eta baita 1987an Gernika Gogoratuz Bakearen Aztertegiaren sortzaileetako bat. Beraz, baditu gauzak kontatzeko. Gutiérrezen esanak eta bizitza tirabiratsuak filma bat merezi zutela argi zeukaten dokumentalaren sortzaileek, eta bestetan elkarrizketa bidez arestiko historia memoria mantentzeko egiten den bezala, modu konplexu eta aberatsean guztientzako gorde digute Mudar la piel filmean.

Zuzendariak, Gutiérrezekin batera, beste pertsonaia misteriotsu batekin topatu ziren: Roberto, Gutiérrezen lagun hurkoa bera pertsona publikoa zenean, eta geroago jakin zenez, Guardia Zibilak Gernika Gogoratuz Aztertegian infiltratutako agente izandakoa ere. Filmak Gutiérrezen eta bere gertukoen hitzak erabiltzen ditu aurrera egiteko, baina Roberto agertzen denean filmaren ibilbidea erabat aldatzen da. Dirudienez hasieran interesa bazuen dokumentalean parte hartzeko, baina filmaketa aurrera zihoan heinean itzulinguruka ibiltzen hasi zitzaien eta, bukaerako zatian dagoen norabide harrigarria zapuztu gabe, bere ekarpenak misteriotsuki agertuko dira. Gauzak horrela deskribatuta, espioi generoko filma baten aurrean gaudela dirudi, eta, egia esan, zuzendariek ez diote muzin egin dokumentalean modu hau sartzeko. Egia esateko, dokumental politikoa den film batek (eta edozeinek, noski) ez luke forma zabartu behar, esaten denak ez duelako indarrik galdu behar zuzendaritza egoki eta testigantzak errespetuz erakusten badira.

Mudar la piel bezalako filmak egin behar direla argi daukagu, hainbeste urtetan egondako gatazka odoltsuak zinean isla izan behar baitu, hurrengo belaunaldiek jakin dezaten hemen zer gertatu den. Eta batez ere, gertaeren atzean pertsona asko egon direlako, asko itzaletan, Juan Gutiérrez bezala.

https://vimeo.com/182754446