Filma amaitu egin zen, argiak itzali ziren, eta gizon batek Jennifer Kent zuzendaria iraintzeko eskubidea zuela pentsatu zuen. Bere oihu hori mundu osoan entzun zen, batez ere, Kent Veneziako jaialdiaren aurtengo edizioko Sail Ofizialeko zuzendari emakume bakarra izan delako. Hori izan da, hain zuzen, jaialdi horretako albiste garrantzitsuenetariko bat: emakume bakarra izan dela, alegia.Ez da lehen aldia datu hauetan erreparatzen dudala, izan ere, Donostiako Zinemaldian, emakume zuzendarien zerrenda bat egin nuen orain bi urte. Aurten, Zinemaldiko Sail Ofizialean bost emakume zuzendari daude. Azken urteetako aukeraketa begiratuko bagenu, lehen urtea da hainbeste emakume zuzendari daudela Urrezko Maskorra irabazteko lehian: Iciar Bollaínek Yuli pelikula aurkeztuko du; Claire Denisek High life; Naomi Kawasek Visión; Tuva Novotnyek Blind Spot; eta Valeria Sarmientok Le cahier noir.
TIFFeko aurtengo edizioan ikusi diren pelikulen %34a emakume batek zuzendutakoak izan dira, esaterako, Kathryn Kusamaren Destroyer, Marielle Helleren Can You Ever Forgive Me?, Mia Hansen-Løveren Maya, eta Zinemaldian ikusiko diren bi zuzendari egon ziren Naomi Kawase,eta Claire Denis. Aipatu behar da jaialdi honetan konpromiso berezi bat hartua dutela emakumeek zuzendutako filmak aukeratzeko.
Ikus-entzunezkoen arloan emakumeen garaia iritsi dela diote askok, emakumeen inguruko film gehiago egiten direlako eta emakume zuzendariak jaialdietara iristen direlako. Baina asko dago egiteke oraindik, batez ere emakume askok zailtasunak dituztelako beraien proiektuak aurrera eramateko. Arantxa Echevarria zuzendari bilbotarrari entzun nion aurrekoan urte asko eman dituela zine industrian lan egiten, baina aurten izan da bere lehen pelikula aurkezteko aukera izan duen urtea. Aspalditik izan nahi zuen berak zuzendari, baina bere ibilbidean ez du babes nahikorik izan bere lana aurrera eramateko.
Donostiako Zinemaldiko egun hauetan, ekimen garrantzitsu bat sinatu da, Parekidetasunaren eta Emakumeen Inklusioaren aldeko gutuna. Zinemaldiak sinaduran aipatu zuenez, jadanik konpromisoa hartua zuen eta generoaren arabera banatutako estatistikak jasotzeko lanean hasi dira. Sinatutako konpromisoen artean, emakume berri bat aukeratu dute Hautespen Batzorderako: gaur egun komunikazio arduradun den Ruth Pérez de Anucita.
Horrelako ekimenek emakumeen aldarrikapenek erantzun positiboa dutela erakusten dute. Lan asko geratzen denez egiteko, honek indarra eta bulkada ematen digu bidean aurrera egiteko.