Maddi Barber zinegile iruindarrak iragan igandean estreinatu zuen 592 metroz goiti lan dokumentala Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean. Zinegilearen lana Kimuak 2018 sortarako hautatu dute ere. Jaialdiaren atarian izan ginen berarekin, eta jarraian dituzue izandako solasaldian jaso genituenak.
Proiektua, ideiaren sorrera, garapena, bere sorkuntza lanetan antropologiak duen pisua, Zinemaldian parte hartzearen erantzukizun eta errespetua, Kimuak egitasmoak emandako aukera, etorkizuna… izan genituen hizpide. Ikus-entzunezko lizentziatua da bera, eta azken urteetan antropologia lantzera zabaldu du bidea: “Zinema tresna bat da munduarekin erlazionatzeko, mundua pentsatzeko… eta hura lantzeko momentuan asko lagundu dit antropologiak. Tresna berri batzuk eman dizkit zinema egiteko”.
Horrez gain, proiektu berria martxan duela kontatu digu, 592 metroz goiti lanaren bigarren zatia izango litzatekeena: 592 metroz goiti bukatu nuenean, konturatu nintzen gauza asko kanpoan utzi nituela. Ez zela uretan sartzen. Itoitzen gertatutakoa oso gertakari mingarria da askorentzat, eta dolu kolektiboa egiteko film bat egin nezakeela pentsatu dut”.