Maddi Barber (592 metroz goiti);
Josu Martínez (Ama);
Maria Elorza (Ancora Lucciole);
Iban del Campo (Espedizio handia);
Miguel Ángel Jiménez (Kafenio Kastello);
No me despertéis (Sara Fantova);
Pello Gutiérrez (Zain).
Urtea: 2018
Herrialdea: Euskal Herria
Zinemaldi batean edozer film eta proposamen ikusteko aukera egoten ohi da, hori baita honelako jaialdi baten zereginetako bat. Donostia Zinemaldian arriskua askotan sail desberdinen filmetan aurkitu dezakegu, baina euskal zineaz ari garenean ausardia-filmiko bildua Kimuak aukeraketan aurkitzen dugu. Film laburrak maite ditugunok, 20 urte ostean, itxaropentsu eta beldur pittin batekin itxaroten dugu urteroko hautaketa, ez baitakigu zer proposamen mota ikusiko dugun.
Zinemaldian ikusi berri ditugun zazpi lanak euskal zinearen harrobitik ateratako zazpi pieza oso desberdin dira, baina guztietan errepikatuko den ezaugarria zuzendariek hautatu duten istorioa kontatzeko modua erabat pertsonala dela da. Dena den, aniztasuna ez da bakarrik istorioetan edo moduan topatzen, euskal ingurutik abiatuz mundura zabaldu baitira hauetariko asko (Maria Elorzaren Ancora Lucciole esperimentala, Pasoliniren hitzen atzetik doana; edo Miguel Ángel Jiménezen Kafenio Kastello, krisiaren arrastoen eragina jarraituz gaurko Greziara bidaiatuz).
Euskal inguruan girotutakoak ere topatuko ditugu, noski. Horrela, Josu Martinezek Lehen Mundu Gerran oinarritutako istorio bat erakutsiko digu, samurtasunez, Ama film laburrean. Joseba Sarrionandiaren kontakizun batean oinarritua, Baigorriko soldadu baten eskutitza eta gerratik datorren zorigaiztoko berri bat elkartuko ditu. Lan hau idazlearen unibertsoan oinarritu den Gure oroitzapenak film luzearen ataletako bat da, izan ere.
592 metroz goitin, Maddi Barberek Itoitzeko urtegiaren eraikuntzak sortu duen itzulbide gabeko egoera erakusten digu: hasieran urrunetik azalduko ditu eraginak (paisaian, faunan,…), eta, geroago, oraindik bertan bizi diren familietan (garaian urtegiaren aurka borrokatu zuten horiek) gelditu den hutsune eta bihozmin sakona laburraren erdigune bilakatuko du. Ama galdu berri duen txekor batek jasotzen duen laztana esanguratsua eta hunkigarria iruditu zitzaidan.
Sara Fantovak No me despertéis lanean istorio autobiografiko bat kontatzen du, inguru politiko batek nerabetasunean izan dezakeen eragina aintzat hartuz. Hala ere, azalean geratzen da lana eta sakontasun apur bat gehiago eskertuko litzateke.
Pello Gutiérrezen lana, Zain, Kimuak hautaketan dagoen dibertigarriena dela argi dago, antzeman daitekeen estetika eta umore “hotza” erabiltzen dituelako (Kaurismaki gogoan). Xabier Leteren hitzak (“Ni naiz” olerkia) aintzat hartuz gaur egun bizi dugun inkomunikazioa mahaigaineratuko du, eta bakardadearen pisuan jarriko du fokua.
Azkenik, Iban del Campok zuzendutako film laburra: Espedizio Handia. Losmos txiki eta kosmos handiaren arteko lotura azalduko du, offeko ahotsa erabiliz eta bidaien mundu bitxia estetikoki jokatzen duen lana eskainiz. Hori bai, bidaian ez bazara sartzen, urrutiko zerbait dela irudituko zaizu. Tarkovskiren Solaris izan dut buruan hasieratik amaiera arte.
Hauek dira, bada, aurtengo kimuak. Datozen hilabeteetan ikusiko dugu noraino helduko den euskal harrobi txikia. Abian da zazpi piezen urrutiko bidaia.