66.Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpoko parte hartzearekin, Dantza filma aurkeztu berri dute gaur goizean Telmo Esnal zuzendariak eta gainontzeko taldekideek. Filmak atzo izan zuen publiko aurreko lehen emanaldia, iluntze aldera, Antzoki Zaharreko epelean, baina gaurko egunez egin dute prentsaurreko agerraldia. Filma, beraz, gaur aurkeztu dute.
Marian Fernandez (ekoizlea), Juan Antonio Urbeltz koreografoa, Telmo Esnal (Zuzendaria), Koldobika Jauregi (Arte zuzendaria) arlo teknikotik, eta Gari Otamendi, Ainara Ranera eta Amaia Irigoyen dantzariak talde artistikotik eseri dira mikrofonoen aurrean, ezkerretik eskuinera. Ia ordubeteko iraupena izan du agerraldiak, eta kazetarien galderak erantzun dituzte etenik gabe.
Hauek dira, besteak beste, jorratu diren gaiak:
Emaitza finala eta genero apostua
Orain arteko filma pertsonalera aurkeztu izanaren galderaren aurrean, lasai sentitzen dela azaldu du Telmo Esnal zuzendariak: “Beste filmak aurkezterakoan urduriago sentitzen nintzen, honetan lasaiago nago. Lasai sentitzen naiz. Harreman ona izan dut hasieratik egiten ari nintzen filmarekin. Pozik nago aurkeztu dudan lanarekin”.
Filmaren izaeragatik galdetu diote ere, biltzen dituen kontakizunen errealitateak kutsu dokumentalagoa sortzeko aukera ematen baitzuen zenbait kazetariren usteetan: “Filma egiterakoan bi aukera genituen: egin duguna egin, garrantzi bisual handiko fikzio bat; edo kontatu ditugun istorioekin dokumental piezak osatzen joan. Lehenengoa izan da hasieratik buruan izan dugun aukerak, eta uste dugu asmatu egin dugula”, azaldu du Esnalek.
Balio estetikoa
Filmaren ikusgarritasuna, eta irudi zein erabilitako jantzitegiaren balio estetikoa izan dira gehien errepikatutako beste alderdietako bat. Koldobika Jauregi arte zuzendariak azaldu du jantzitegiaren diseinua estuki lotua egon dela istorioaren unibertsaltasunarekin: “Koloreek garrantzi handia izan behar zuten, ’kolore askotako herriak’ irudikatu behar genituen”.
Jauregiren hitzetan, proiektua hazten joan den heinean aldatu da erabilitako piezen diseinua. Hala, kontatu du aurrekontu gutxiago zuten uneetan hartutako irudietan arropak apalagoak direla, amaierakoetan, berriz, jantzi landuagoak ikusiko ditugula: “Urteak eman ditugu honekin, zaila izan da. Bide luzea egin dugu lehenengo dantza errodatu genuenetik azkena filmatu genuen arte. Zaila da filmak duen ikusgarritasun hori dena eraikiko duen euro bakoitza lortzea. Hala ikusi dugu ere jantzitegiaren eboluzioan: hasieran xumea dena, amaieran harroago bilakatuko da”.
Finantzazioa eta ekoizpena
Sendo egin dio aurre Marian Fernandez ekoizleak filmaren ezohikotasunak proiektu beraren egingarritasunean eta zabalkundean zalantzak eragin dituenaren galderari: “Argi dago, hasiera batean, proiektu zaila genuela aurrean finantzazio zein salmentari dagokionez. Telmok lanari ekin zionean bagenekien hori horrela zela, baina Txintxuatik proiektuan sartzea erabaki genuen berdin. Guk ikusi genuena ilusioa izan zen. Horrenbeste indarrez sinesten zuen Telmok proiektuarengan, argi ikusi genuela uneren batean publikoarekin topo egingo genuela”.
Dantzarien lana
Filmean aktore lana bete duten dantzariek ere izan dute haien tartea hitz egiteko. Filma egiteak suposatutako errutina aldaketa ekarri dute gogora, eta horrelako proiektu batean parte hartzeak suposatu dien poza. “Esan ziguten, aktore baino, interprete izan behar genuela, eta asko gozatu dugu horretan”, gogoratu du Gari Otamendik. “Ni, esaterako, adiministraria naiz. Oso berria izan da hau dena niretzat”, aitortu du Ainara Ranerak.
Ekipo teknikoa ez ezik, talde artistiko honen lana nabarmendu nahi izan du Telmo Esnal zuzendariak orduan: “Ez dugu ahaztu behar hauek dantzariak direla. Etsaiotan aritzen dira, emanaldietan, baina gehienez ere bi ordu dantzatzen dute. Errodajetan hamar orduz aritu dira dantzan”.
Glocal In Progress egitasmoa
Ez dugu ahaztu behar 65. Donostia Zinemaldiko industriari bideratutako jardueren artean, , hizkuntza ez hegemonikoetan egindako zinemagintza sustatzeko Glocal in Progress ekimenean parte hartu zuela filmak. Lana oraindik erabat amaituta egon ez arren, industriako profesionalen aurrean aurkeztu egin zuen Esnalek, eta Glocal in Progress Industria Saria zein Glocal in Progress sari orokorra jaso zituen.Horiei esker, filma nazioartean banatu, prostprodukzioa osatu, azpitituluak jarri eta DCPak egiteko laguntza izan du azken urtean.
Sariak emandako onurak ekarri ditu gogora zuzendariak agerraldiaren azken tartean: “GLOCAL IN PROGRESS sariak oso estudio onetan egoteko aukera eman digu, eta bistan gelditu da kalitate hori bai argazki zein soinu aldetik. Emaitza ikaragarria da”. Marian Fernandezen iritzia gehitu zaio ere Esnali: “Saria ere auto-estima dosia izan zen Dantza bezalako prozesu luze batentzat. Horri esker jakin genuen Euskal Herritik kanpo ere ulertuko zuten proiektua izango zela. Hasieratik genuen beldur bat kendu genuen horrela, eta indartsuago egin genuen aurrera”.