Zuzendaria: Oier Aranzabal
Urtea: 2018
Herrialdea: Euskal Herria
Saila: Zinemira

Ez naiz gehiegi luzatuko. Barruko zurrunbiloa askatu ezinik nabil oraindik ere.
Bidaia baten kontakizuna egin nahi zenuen, ‘B alde’ baten istorioa kontatu. Mikel Urdangarinena, edo munduko beste edozein musikarirena. ‘Dokumental ez-dokumental bat’ osatzea zen zure ideia, sorkuntzaren pozak, ilunak, goiak zein bakardadeak azaleratuko zituen kontakizuna egin asmoz abiatu zenuen zure ‘harrikada’ orain urte batzuk. Eta egin duzu, Oier, lortu duzu.

Doluak, jaiotzak margotu dituzu. Artista hurbildu diguzu haren jarraitzaile garenoi, zein atzo Printzipaleko bederatzigarren gela leporaino bete zuten gainontzeko ikusleei. Seguru asko bazegoen aretoan Mikelen doinuak ezagutzen ez zituenik, baina modu berdinean hiltzatu gintuzun guztiok eserlekura. Izan ere, ez dago musika eta irudiez gozatzea baino gauza unibertsalagorik.

Aldez aurretik proiektuaren berri zuen kazetari batek idazten ditu lerrook, sekuentzia bakoitzean topatuko zuena ezagututa ere halabeharrez hunkitu egin zen kazetaria. Ederra da egin duzuna. Ederra da plano bakoitzak jasotzen duen sakontasun estetiko zein emozionala, ederra da ezagutzen dugun istorioa, eta ezin gozoagoak dira kontakizuna laguntzen duten doinuak. Mikel dugu protagonista, baina oso barrutik egiten duten dituzten musikari eta senide taldea topatuko dugu haren inguruan. Eta hori, konplementagarri ez ezik, balio erantsi handia da ere bai.

Apostu estetiko berezia egin duzu. Zuri-beltzarekin ausartu zara, akaso, Alainek Mikeli bezala, noizbait azalduko diguzu zergaitia. Ederra da ere hori, beste modu batera koloreek estaliko zituzten sentimenduei dei egiten diezulako. Filmaren nondik norakoak aletzera sartu gabe, ikuslea ia bi orduz luzatzen den trantze-goxo batean barnebiltzen duzulako.

Mikelen amari eta, bidenabar, munduko ama guztiei eskaini diezu zuk filma. Eta egiari zor, ez da munduko amek baino aitortza handiagoa merezi duenik. Baina, zure baimenarekin, beste norbaiti eskaini nahiko nioke ere: bere proiektuarengatik dena ematen duten horiei, egiten duen horretan sinesteari sekula utziko ez dion artista orori.

Zorionak, Oier. Orain hasiko da bidaia.
Mikelek kantatuko lukeen bezala, ALTZA KOPAK, BIHOTZAK GORA!