Frantziar zinema berrien eta modernitatearen  oinordekoa da Philippe Garrel zuzendaria, zuri-beltzean filmatutako haren filmek Paris izan ohi dute protagonista, bidelagun, eta orokorrean film oso pertsonalak egiten ditu, gizakian oinarritutakoak, gizakiari eta honek izaten dituen harremanei zuzendutakoak. Bada, antzeko bidea jarraituko du haren semeak, bere ibilbidea antzerkian hasi baina gazte gaztetatik aitaren mesedetan aktore lanak burutu izan dituen Louisek. Izan ere, Sail Ofizialean parte hartuko duen L’homme fidèle, bere bigarren film luzea, oso gertuko lana irudituko zaio aitaren jarraitzaile orori. Batez ere, iaz Zabaltegi-Takalaeran sailean lehiatu zen Philpperen L’amant d’un jour, eta harekin batera, kritikak, maitasun edota jeloskortasunari buruzko trilogia gisa izendatu duen film sortan jorratutako gaiak antzematen zaizkio Lousi: hiru kideren arteko maitasun harremanak, gazteak eta beraien arazo existentzialak, fideltasuna, sentimenduen aldrebeskeria…

Aipatutako zuri-beltzaren ordez, aitarengandik bereizteko agian, kolorearen aldeko apustua egingo du Louis Garrelek, eta umorez jantziko ditu ia atsedenik gabeko 75 minutuak. Filmean zehar ez da pausa sentimentalik egongo, pertsonaiek esan beharrekoak zuzenean esango dituzte, lotsagabekeriaz. Gezurrak esateko edota egia ezkutatzeko ere, kontraesankorra badirudi ere, zintzotasuna nagusituko da: Hiru pertsonaia nagusien arteko elkarrizketak direla batetik, eta berain over ahotsa dela bestetik. Zuzendariak berak protagonista nagusiaren rola betetzen badu ere, Mariannek (Laetitia Casta) gidatuko du filma. Inongo epaiketarik egin gabe, bere erabakiek baldintzatuko dute gainerakoen ekina, bera izango da istorioak aurrera egin dezan zuzendariak, zehatzak izate aldera, gidoilariak, erabiliko duen figura nagusia. Izan ere, izen handi bat izango du L’homme fidèle lanak atzean: zuzendariaren aitarekin lan egin eta guztira 100 gidoi baino gehiago sinatu dituen Jean-Claude Carrière.

Bestalde, Urrezko Maskorraren lehian sartuko da Rodrigo Sorogoyen zuzendariaren El Reino filma. Azken urteotako espainiar ustelkeria kasuetan oinarritutako lana bada ere, madrildarrak sigla eta alderdi jakinak aipatzeari uko egingo dio. Politikariez gain, pertsona orok bizi duen etengabeko korrupzio egoera salatu nahiko du, ideologiak kanpo utziz. Izan ere, zuzendariak ez du bere pertsonaia nagusia bakean utziko, kamerak eta musikak leku guztietara jarraituko du, bere itzala izango da bulegoz bulego egingo dituen joan-etorrietan. Gainera, muntaia bizkor eta plano aldaketa bortitzek larritasun egoeran sartuko du ikuslea, baina, alderdi eta politikari ustelen autodestrukzioa erakusten badu ere, Antonio de la Torrek haragitutako pertsonaia nagusiarekiko enpatia sentitzera hel daiteke trhiller deseroso eta, une batzuetan, gogaikarri honetan .

Maisutasunez zuzendutako filma da Sorogoyenena, eta hala uler daiteke, adibidez, pelikularen lehen sekuentziak duen indarra: formatu panoramikoan filmatuta, protagonista ikusiko du ikusleak pantailaren ezkerraldean, zigarro bat eskuan duela pentsakor; itsasoa bestean, hondartzan egongo baita. Halako batean, zigarroa bota eta ondoan duen jatetxera abiatuko da, ziztu bizian, kamerak etenik egin gabe jarraitzen diola. Behin barruan dagoela Quentin Tarantinoren Reservoir Dogs (1992) pelikularen lehen sekuentzia mitikoari keinu egingo dio, antzeko planteamendua erabiliz. Mafioso talde bat beharrean, politikariak mahai-inguruan bilduta hizketan, barrezka, azalduko dira plano zaparrada batez eraikita. Laburbilduz, politikari talde ustel batek irudikatuko du gizarte oso bat.