Donostia Saria jasota, protagonista handienetariko bat izan zen Ricardo Darín iaz, eta aurten ere beste horrenbeste. Izan ere, 66. Donostia Zinemaldia inauguratu duen El amor menos pensado (Juan Vera) pelikulako protagonista nagusia da, Mercedes Moránekin batera. 25 urtez ezkonduta egon ostean banatzea erabakiko duen bikotea osatuko dute biek, hala, zuzendari argentinarraren lehen film luzeak maitasun harremanak eta horien inguruko galderak jaurtiko ditu etengabe. Inongo haserrealdirik gabe, semearen atzerriratzeak irekitako bizibide berriari nola erantzun ez dakitela, krisi existentzial sakonean murgilduko da bikotea.

Ikuslea pixkanaka pixkanaka joango da senar-emazteen banaketa horretaz jabetzen. Izan ere, Vera ordura arteko ordena eta batasuna hausten joango da, bata zein bestea plano ezberdinetan bereiziz. Elkarrizketez jantzitako komedia izanik, pertsonaia nagusien hausnarketek, kezkek eta pentsamenduek izango dute pisu nagusia. Hauek, iluntzen joango dira bikote-harremana eteten joango den heinean. Gainera, partaide bakoitzak kolore gama jakin bat izango du esleituta, beraien identitatean islatuko direnak: urdina Darinek haragitutako Marcosek, eta gorria Moránek haragitutako Anak. Baina askatasunari egindako aldarri bat ere bada filma. Lotura tradizionaletan trabatutako gizarte moderno batek bide berriak, askeak, bila ditzakeela proposatzen du. Maitasun, sexu eta bikote-harreman eredu anitzetatik igaroaraziko ditu zuzendariak bere protagonistak, faltan botatzen duten zoriontasunaren bila agian. Hala, sentimenduetan ardaztutako planteamendu formalaren aldeko apustua egingo du zuzendariak. Eta gai hauek jorratzen maisu bilakatu zen François Truffaut frantziarrari, eta hain zuzen, izen bereko Henri-Pierre Roché idazlearen eleberriaren zinemarako egindako Jules et Jim (1961) egokitzapenari keinu sinboliko eder bat sartzen du argentinarrak. “Maitatzeko zailtasuna” filmatzen tematu zen Truffaut urte luzez, baina beharbada aipatutako lan mitiko honetan ondu zuen emaitzarik onena. Bertan, Le tourbillon kanta abestuko du une jakin batean Jeanne Moreauk, El amor menos pensado pelikulan entzun daitekeen eta indar sinboliko handia helarazten duen kanta berbera.

Eta zuzendari frantziarraren filmetik edaten du Cannesko zinema jaialditik ekarritako eta Perlak sailean lehiatuko den Asako I & II (Ryusuke Hamaguchi) filmak ere. 2008an Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean Passion filma aurkeztu zuen zuzendariak maitasun erromantikoa eta traizioa izango du  ardatz: gaztetan ezagututako mutilak bat-batean alde egin ostean, bere antz izugarria duen beste bat aurkituko du Asako protagonistak japoniarraren filmean. Hala, bikoiztasunaren ideiarekin jolastuko du zuzendariak, lehen amodioak eragindako eta denborak itxi gabeko zaurien eraginak bistaraziz. Neska gazte baten iraganak eta orainak talka egingo dute, irudi jakin batez maiteminduko baita. Hamaguchik bere protagonistaren sentimenduekin jolastuko du, benetakoak edota eraikitako irudi faltsu batek gidatutakoak diren zalantzan jarriz, eta  gaztea porrotera eta frustraziora bideratuz.

Bestalde, GEHITU elkartearen eskutik VI. Sebastiane Latino saria jaso duen Las herederas (Marcelo Martinessi) koprodukzio europar-iberoamerikarrak ere barne sentimenduetara egindako bidaia proposatuko du. 30 urte daramatzate Chelak eta Martinak elkarrekin bizitzen, eta dituzten diru-zorrak ordaindu ezinagatik, azken hau kartzelara bidaliko dute. Lehen emakumeak gizartearen presio jasanezinari aurre egin beharko dio, ordea. Paraguaiko biztanleek bizi duten errealitateari kritika zorrotza eginez, gizonezkoak alboratu eta adin nagusiko emakumeen munduan kokatuko du zuzendariak istorioa, zinemaren historian ikusgarritasun gutxi izan duen eremu batean.

Giltzaperatuta sentituko dira hauek, batez ere Chela, protagonista nagusia. Hutsik geratzen ari den etxetik ihes egiteko nahia piztuko zaio, eta ideia honetatik abiatuko da eszenaratzea. Leiho zein ateen atzean ezkutatuta, beti ere distantzia mantenduz, ispiluen islen artean galduta aurkeztuko du Martinessik, baita lan-tresna bilakatuko duen autoan harrapatuta ere. Libre izateko gogoa antzemango zaio isiltasunean bizi den emakumeari. Gainerakoek hartuko dituzte bere erabakiak.