Johnny English Strikes Again

Absurdoaren enegarrena. Kondimentu gutxi behar ditu film batek, osagai nagusiarekin soberan asmatu egin duela dakienean. Izan ere, badirudi Rowan Atkinson aktorearen amua betierekoa izango dela.

Oraingoan, Johnny English agente sekretuaren azaletan jarriko da bigarrenez britainiarra, segurtasunaren izenean, Erresuma Batuko kide guztien etorkizuna salbatzeko. Jazoko den gertakari batek erretirotik lanera itzultzera behartuko du, aurreko atalean ezagutu genituen gaitasun mugatu berdinekin.

Chappaquiddick

Ted Kennedy gaztearen karrera politikoaren gainbehera erakutsiko digu filmak. Etorkizun handiko ibilbidea zirudienak, ustekabean, ezbeharrezko auto istripu baten ondorioz, norabide iluna hartu zueneko kontakizuna.

https://www.youtube.com/watch?v=k2otM-rrRQY

The Rider

Rodeo kirolaren praktikaren txapeldun izandako Bradyk istripua izango du, eta ezin izango du gehiago zaldian ibili. Bizitzako norabidea galduta, bide berri baten bilaketari ekingo dio: identitate berri bat, helburu desberdinak..

Matar a Dios

Urte zaharreko gaua basoan galdutako etxola batean igarotzeko asmoa duen familia berezi bat da filmeko protagonista. Afaltzen ari direla, eskale misteriotsu baten bisita jasoko dute. Nanoa da, eta bere burua giza espeziea akatuko duen jainkotzat hartzen du. Bi pertsonek bakarrik izango dute salbatzeko aukera, eta familiaren esku egongo da erabakia.

Amoureux de ma femme

Daniel editore zaharrak Patrick aspaldiko lagunarekin egingo du topo egun batean. Lehengoaren etxean jarriko dute afaltzeko hitzordua, eta Emma bikotekidearekin bertaratuko da Patrick. Nabarmen gazteagoa da Emma, eta kontu horrek Daniel protagonistaren fantasia guztiak piztuko ditu.

L’apparition

Egunkari txiki batean erreportari lanak egiten ditu Jacques protagonistak. Egun batean, ikertu beharreko haria emango dion dei misteriotsu bat jasoko du Vatikanotik. Frantziar hego-mendebaldeko hiri batean, Ama Birgina ikusi duela ziurtatuko du gazte batek. Izugarrizko hedapena izango du berriak eta, denbora gutxian, milaka erromesen jomuga bilakatuko da lekua.

Ana y Bruno

Ospitale bateko pazienteen irudimeneko lagunen adiskide egiten den haur berezia da Ana. Lagun berri horien bultzadaz, ihesaldi perfektua prestatuko du, aitaren bila joan eta famili osoa berriro ere elkartzeko asmoarekin.

Ederra, goxoa eta gozagarria.