FICA Nazioarteko Atletismo Film Festibala antolatuko dute azaroaren 6tik 10era bitartean Donostiako Antzoki Zaharrean eta Irunen. Juantxo Sabadie  jaialdiko zuzendariak, Jon Insausti Kultura eta Hezkuntza zinegotzi ordezkariak, eta Iñaki Iturrioz Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zerbitzuburuak aurkeztu dute ekimena.

Atletismoaren kultura sustatzeko asmoz, kirola eta zinema uztartzen dituen jaialdia izan nahi du FICAk, izan ere, Sabadiek aitortu bezala “atletismoa pistetatik harantz sozializatzeko ekitaldia” eratu nahi dute antolatzaileek. Hau da, korrikalariak, entrenatzaileak, zinegileak, epaileak, medikuak… batu nahi ditu. Are gehiago, Iñaki Iturriozen hitzetan, kirola eta zinema emozio ekoizleak” direla kontuan hartuz, atletismoaren bitartez Donostia munduan proiektatzea  da etorkizunera begira duten helburua.

FICAk bi sail izango ditu. Batetik, atletismoaren kultura sustatzeko hautatutako filmen erakustaldia eta proiekzioa egingo dute Sail Ofizialen. Emanaldien ostean solasaldiak prestatuko dituzte protagonistekin. Bestetik, Lehiaketa sailean atletismoa gaitzat hartuta bestelako film luze, labur eta dokumentalak eskainiko dituzte.

Jaialdian parte hartzeko epea irailaren 23an bukatuko da. Interesatuek MoviBeta, Festhome, Reelport eta Filmfreeway plataformetara igo beharko dituzte filmak. Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu (2.000 euro eta Urrezko Aquilesa, lehenengo saridunari; Zilarrezko Aquilesa, bigarrenari; eta Brontzezko Aquilesa, hirugarrenari). Epaimahaiburua Ruth Beitia izango da, eta berarekin Lourdes Bañuelos, Bárbara Destefanis, Susana Soto eta Salvador Martín Mateos izango dira, besteak beste. Horrez gain, bozketa bidez erabakiko duten publikoaren sariak 1.500 euroko ordaina izango du.

Bestalde, hiru ohorezko sari banatuko dituzte. Luzera-jauzia modalitatean munduko xapelduna den Niurka Montalvo espainiar-kubatar atletak jasoko du bat, eta gainerako biak zehazteke daude oraindik.

FICAren aurkezpen ofiziala Madrilen egingo dute irailaren 26an, COEren (Espainiako Olinpiada Batzordearen) egoitzan.

Informazio gehiago FICA Festibalaren webgunean.