Nazioarteko funtsei buruzko jardunaldi berezi bat antolatuko dute Zinemaldian

Donostia Zinemaldiak Europako eta Latinoamerikako zinema sustatzeko funtsei buruzko jardunaldi berri bat iragarri du. Ekimena irailaren 24an egingo dute 17:00etatik aurrera, San Telmo Museoko ekitaldi aretoan.  

European Film Forum ekimenaren esparruan, eta Europa Creativa MEDIAk sustatua, nazioarteko zinema finantzatzeko oinarrizkoak diren eragileak bilduko ditu Donostia Zinemaldiak aurten. Hala, beren estatu kideen artean koprodukzioak sustatzeko laguntzak ematen dituzten estatuz gaindiko erakundeek -adibidez, Europa Creativa MEDIAk, Eurimagesek eta Ibermediak- ikus-entzunezko industria sendotzeko, munta handiagoko obrak sustatzeko eta filmen nazioarteko zirkulazioa laguntzeko funtsezko tresna gisa zein funtzio betetzen dituzten aztertuko dute irailaren 24ko jardunaldi berezian.

Besteak beste, zenbatekoei, laguntza-lerroei eta emaitzei begira garrantzitsuenak diren funtsak aurkeztuko dituzte, eta profesionalekiko elkarrizketari bide emanez, ikus-entzunezkoen paradigma berrian halako pizgarriek etorkizunean izango dituzten joerak azalduko dituzte.

San Telmo Museoko ekitaldi aretoan burutuko dira hitzaldiak, 17:00etatik 19:30era, eta akreditatutako pertsonek bakarrik bertaratu ahal izango dute.  Bi mahai inguru eta azterketa kasuk osatuko dute jardunaldiaren programa.

Informazio gehiago Donostia Zinemaldiaren webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude