Bilbao Mendi Film Festivalak Juanjo San Sebastian mendizale eta idazle bilbotarra sarituko du abenduaren 15ean BBK Aretoan egingo duten ekitaldian. Mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioa goraipatuz, WOP-The Walk On Project Fundazioa Saria jasoko du.
Mendiari estuki lotuta dago Juanjo San Sebstian, izan ere, mendiko espedizioetan alturako espezialista eta kameraria (dokumentalgilea) eta idazlea da, besteak beste. Hala, Josep Manuel Anglada, Sir Chris Bonington eta Peter Habeler mendizaleen zein Collins-en Drawn filmaren ostean, bilbotarra sarituko du WOP Fundazioak. Honek, gaixotasun neurodegeneratiboen aurkako terapiak bultzatzeko asmoz, ekintza artistiko sozial eta kulturalak antolatzen ditu, kirol ekimenez gainera.
Hamabost urtez, TVEko ‘Al Filo de lo Imposible’ saioarekin kolaboratu du San Sebastianek, eta 27 urtez Pagasarri Martxaren antolatzailea izan da. Horrez gain, BBK Mendi Jardunaldiak ere antolatu izan ditu Bilbon. K2 mendian bizitako esperientzia lazgarrian oinarrituta (gailurretik bueltan ekaitzak harrapatu ostean espediziokidea hil zitzaion, eta bere eskuko ia hatz guztiak galdu zituen), mundu osoko jaialdietan sari ugari lortu dituen Chogori, la Gran Montaña dokumentala zuzendu eta Cita con la Cumbre eleberria idatzi ditu.
Aurten, Mendi Film Festivaleko 11. Edizioan Sail Ofizialeko epaimahaikide izango da Aldo Audisio, Emi Ueyama, Jim Herrington eta Suzan Berazarekin batera.
Informazio gehiago Bilbao Mendi Film Festivalen webgunean.