Jarraipen informatibo handiagoa eskainiko dio aurten EiTBk Zinemaldiari

Donostia Zinemaldiak eta EiTBk aurtengo 66. ediziorako lankidetza hitzarmena sendotu dute gaur Tabakaleran. Irailaren 21etik 29ra bitartean antolatuko duten aurtengo zinema jaialdiak euskal hedabidearen jarraipen informatibo handiagoa izango du Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak sinatutako itunaren ostean.

66. Donostia Zinemaldiak inoiz baino tarte zabalagoa izango du Euskal Irrati Telebistaren eskutik, izan ere, albistegietan zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta aurkeztutako filmen kronikak eskainiko ditu. Euskarazko lehen kateko Ahoz Ahoz zein EiTB Kultura saioek, eta bigarren kateko ¡Que Me Estás Contando! zein Está Pasando saioek ere Zinemaldiari begira jarriko dituzte beraien programak bederatzi egunez, baita Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gaztea irratiek ere.

Gainera, ETB1en, zuzenean eskainiko dituen irekiera eta itxiera galez gain,  ETB4n, Euskal Zinemaren Gala eta hiru Donostia Sariak (Hirokazu Kore-Eda, Danny Devito eta Judi Dench) emango dituzte. Halaber, emanaldi guztiak streaming bidez ikusteko aukera egongo da, eitb.eus atarian.  Webguneak, gune berezi bat sortuko du Zinemaldiko albiste eta kontuak eskainiz.

Vitoria, 3 de marzo filmaren estreinaldia

Irailaren 26an Zinemaldiaren urteroko EiTB gala antolatuko dute Victoria Eugenia antzokian, eta bertan, Vitoria, 3 de marzo (Víctor Cabaco, 2018) filmaren estreinaldia egingo dute, 21:30ean. Zuzendariaren lehen film luzeak 1976an poliziek Gasteizen bost langile hil zituzteneko gertakariak kontatuko ditu. Amaia Aberasturi izango da aktore nagusia, eta erdi-mailako klaseko familia batean bizi den 18 urteko gazte baten papera burutuko du. Mikel Iglesiasek, Ruth Diazek, Alberto Berzalek, Jose Manuel Sedak eta Oti Manzanok osatuko dituzte gainerako lanak.

Bederatzi euskal ekoizpen ETBren babespean

Aurten ere Euskal Telebistak Donostia Zinemaldiko sail ezberdinetan lehiatuko diren filmak babestu ditu, bederatzi guztira. Sail Ofizialeko emanaldi berezien atalean, adibidez, Telmo Esnalek Dantza aurkeztuko du. Aurreko ekitaldietan Amalur (1978), Ke arteko egunak (1989), Bertsolari (2011), Loreak (2014), Amama (2015) eta Handia (2017) filmak ere lehiatu dira bertan.

Bestalde, Zuzendari Berriak sailean Koldo Almandozen Oreina, Perlak atalean Donostia Hiria saria lortzeko lehiatuko den Raul de la Fuenteren eta Damian Nenowren Un día más con vida / Another day of life, eta Culinary Zineman aurkeztuko den Bihar dok 13, Ander Iriartek eta Aitor Bereziartuak zuzendutako lanak ikusi ahal izango dira.

Zinemira sailean aurkeztuko dituzten beste zazpi lanek ere ETBren parte hartzea izan dute: Mudar la piel (Ana Schultz eta Cristobal Frenández), Black is beltza (Fermin Muguruza), Jainkoak ez dit barkatzen (Josu Martinez), Gallo (Antonio Diaz Huerta), Gure oroitzapenak (film laburrez osatutako lan kolektiboa), Margolaria (Oier Aranzabal) eta Errementari (Paul Urkijo).

Informazio gehiago Donostia Zinemaldiaren webgunean eta eitb.eus atarian.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude