Euskal Zine Bilerak boluntario programa bat ireki du

Urtez urte, Euskal Zine Bilerak euskarazko ikus-entzunezkoenganako apustu sendoa egiten jarraitzen du, hala, aurten, jaialdia aurrera atera dadin boluntario programa bat martxan jarri du zinemagile, aditu, ikasle, profesional eta, oro har, zinemazaleen bileran sortuko diren koordinazio lanetan esku hartzeko.

Urriaren 6tik 12ra bitartean antolatuko dute aurten ere 41 urte beteko dituen Euskal Zine Bilera. Gaur eguneko ikus-entzunezko sorkuntzaren munduan barneratzeko eta esperientzia profesionala hurbiletik bizitzeko aukera paregabea izanik, boluntario programa bat ireki du jaialdiak. Bertan parte hartu nahi duen orok inskripzio fitxa bete beharko du.

Berrikuntzez betetako ekitaldia izanik, ikus-entzunezkoen erabilera, xede eta aukera guztiak bildu nahi dituzte antolatzaileek. 40+1 lelopean, hiru atal estreinatuko ditu Euskal Herrian eta euskaraz egiten den zinema jaialdiak: Branka (lehiaketa nagusia), Ganbara (Atzo8 proiektua) eta Zerumuga (Kameratoia). Izan ere, ikus-entzunezkoen iragana, orainaldia eta etorkizuna landuko dituzten esparruak ezberdindu nahi izan ditu. Bertan, sektorearekin erlazioa izan dezaketen hitzaldi edo lantegiak, lehiaketara aurkeztutako fikziozko film labur, dokumental eta pieza esperimentalak, ondare gisa ulertutako super8 irudiekin osatutako programa, ikas komunitateen baitan antolatutako animazio lantegiak edota omendutako figura edo ekimenei eskainitako atzera begirakoak nabarmenduko dira.

Informazio gehiago Euskal Zine Bileraren webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude