Ainhoa Palomok eta Jon Juanesek Raketistak: (1917-1980) dokumentala aurkeztuko dute gaur, Azkue Fundazioak Bilboko San Inazio auzoan duen Euskararen Etxean. Emanaldia 19:00etan izango da.
Mundu mailako lehen emakume kirolari profesionalak izan zirela uste den ‘raketisten’ inguruko lana proiektatuko dute Bilbon. Bertan, horien argazkiak, agiriak, ilustrazioak eta egunkariak, eta hain zuzen ere, Agustina, Ramonita, Asteasu, Emili, Soroa eta Larramendi I ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Dokumentalak emakumeek frontoi barruan nahiz kanpoan izandako bizipenen berri emango du.
1917tik 1980ra bitartean, Madrilen zein Ameriketako frontoietan ‘raketista’ profesional gisara aritu ziren ehunka emakume, egurrezko erraketa sendoekin eta teniseko pilotarekin lehenik, eta larruzko pilotekin gero. Lanaren egileek aitortu bezala, “batere babesik gabe, abiadura ikaragarrian jokatzen zuten, ikuskizuna ziurra zen”.