‘Overlord’ filmak zabalduko du Fantasiazko eta Beldurrezko 29. Astea

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 29. Asteak urriaren 27an ekingo dio Antzoki Zaharrean. Antolatzaileek jakinarazi berri dutenez, aurtengo ekitaldiari Overlord (Jluius Avery, 2018) filmak emango dio hasiera, J.J. Abramsen azken ekoizpenak.

Urriaren 27tik azaroaren 2ra bitartean antolatuko dute aurtengo Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea Donostian, eta guztira hamar film baino gehiago proiektatuko dituzte. Inauguraziorako Julius Avery zuzendari australiarraren Overlord bigarren film luzea prestatu dute, Billy Rayk eta Mark L. Smithek idatzitako istorioa. Besteak beste, Wyatt Russell, Pilou Asbæk, John Magaro, Bokeem Woodbine eta Iain De Caestecker izango ditu ekoizpenak protagonista. Star Wars, Star Trek, Mission: Impossible eta Cloverfield sagetako azken filmak ekoitzi dituen J.J. Abramsen babespean landutako proiektua da. Espainiako Estatuan udazkenean estreinatuko dute, Paramount Pictures Spainek banatuta.

D egunaren bezperan (Bigarren Mundu Gerran), beraien hegazkinak lurra jo ostean Normandian harrapatuta geratuko den soldadu estatubatuar talde baten istorioa kontatuko du filmak. Nazien kontra borrokatu ez ezik, alemaniarrek aurrera eramandako esperimentu sekretuen emaitza izango diren izaki odolzale batzuk aurkituko dituzte bidean.

29. edizioa beteko duen astean zehar, Abracadabra (Luciano Onetti, Nicolás Onetti), El año de la plaga (C. Martín Ferrera), Border (Ali Abbasi), The Dark (Justin P. Lange), Gostland (Pascal Laugier), The House That Jack Built (Lars von Trier), Inuyashiki (Shinsuke Sato), Mandy (Panos Cosmatos), Muere, monstruto, muere (Alejando Fadel), One Cut of the Dead (Shinichiro Ueda) eta Summer of ’84 (François Simard, Anouk Whissell, Yoann-Karl Whissell) filmak ikusteko aukera izango dituzte bertaratutakoek.                      

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 29. Astearen emanaldietara joateko sarrerek 7,50 euro balio dituzte, eta leihatiletan zein webgunean egongo dira salgai. Antzoki Zaharrerara bertaratzeko abonuak 77 euro balio ditu, eta urriaren 19an jarriko dituzte salgai (16:00etatik 20:00etara), egoitzaren leihatilan. Victoria Eugenia Antzokirako abonuak 16,50 euro balio ditu, eta urriaren 22tik izango dira eskuragarri, 16:00etatik aurrera.

Horrez gain, Beldurrezko Asteak eta Sitges – Festival Internacional de Cinema Fantàstic de Catalunyak duten lankidetza  akordioa sendotu egin dute. Hala, Sitgesko Centre Cultural Miramar egoitzan Mil gritos en la noche. Actrius i actors del cinema de terror estatal dels 70 erakusketa jarriko dute ikusgai urriaren 4tik 14ra bitartean. Bestalde, Frankenstein edo Prometeo modernoa nobela argitaratu zeneko bigarren mendeurrenarekin bat etorriz, Frankesnteinen irudiari eta bere sortzaile Mary Shelleyri eskainitako ziklo berezi at prestatu dute Asteak eta Sitgesek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude