Pascal Gaigne soinu banden konpositoreak jasoko du V. SADE saria

Euskal zineman erreferentziazko profesionala bilakatu den Pascal Gaigne soinu banden konpositore frantziarra sarituko du Donostiako SADE enpresak. Izan ere, musikariaren ibilbide arrakastatsua omentzeko, V. SADE saria emango diote irailaren 14an Astoria 7 hotelean. Frantzian jaio bazen ere, hiru hamarkada daramatza Donostian bizitzen Gaignek.

 

Pauko Unibertsitatean eta Tolosako (Frantzia) Kontserbatorio Nazionalean ikasi zuen musika Gaignek, eta hainbat diziplinatan lan egin du ordutik: zineman, antzerkian, musika klasikoan… Guztira, ehun soinu banda baino gehiago sortu ditu, euskal zinemaren konposatzailerik emankorrenetako batean bilakatuz. 2012ko Verbo, 2015eko Loreak eta 2017ko El olivo filmengatik Estatuko Zinema Akademiak ematen duen aitorpen berezia eskuratzeko hautagai izan da, eta orain, Handia filmerako sortutako soinu bandagatik Goya saria eskuratu ostean, SADE saria jasoko du lehen aldiz.

Hala ere, nazioarteko beste aintzatespen garrantzitsu asko lortu ditu frantziarrak: Buenos Aireseko zinema jaialdiko Urrezko Pentagrama El otro barrio (2000) filmerako sortutako musikarengatik, Europako Zinema Konpositore Elkarteen Federazioak emandako Europako Soinu Banda Onenaren saria Azul oscuro casi negro (2006) pelikularako egindako lanarengatik, eta bi Zilarrezko Biznaga Malagako zinema jaialdian: 20 centímetros (2005) eta Plan de fuga (2016) ekoizpenetarako idatzitako partiturengatik.

Gainera, besteak beste, Victor Erice, Daniel Sánchez Arévalo, Icíar Bollaín, Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Pablo Laso eta Montxo Armendariz zuzendarientzako lan egin du.

ZINEAri iaz eskainitako elkarrizketaren bideoa jarraian:

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude