Kritika: ‘Carmen y Lola’

Zuzendaria: Arantxa Echevarría

Urtea: 2018

Herrialdea: Espainia

Emakume ijitoek ere zail dute ametsik izatea

Ijitoek munduan zehar komunitate oso zabala osatzen dute. Gurean ere ez dira gutxi, ia 15000ra iristen dira Euskal Herrian bizi direnak. Dirudienez XV. mendetik dabiltza gure artean, horregatik nahiko bitxia da oraindik ere kanpotartzat jotzea. Mendeetan zehar ezarri diren lekuetan bertako kultura eta ezaugarriez bere egiteaz gain, beraien idiosinkrasiaren berezitasunak gehitu eta gizartearenparte bihurtu dira. Hala ere, ijitoen aurkako arrazakeria eta intolerantzia ez dira oraindik gure gizartetik kanporatu, eta, noizbehinka, honen inguruan albisteak irakurri behar izaten ditugu. Bakarrizketa umoretsu batekin sortutako polemika kasu edo delinkuentziarekin lotutako gertakari lazgarriak.

Ijitoen unibertsoa ezagutzera ematea ez da ohikoa izaten zineman, eta nahiz eta zuzendari batzuk beraien erdigune bihurtu duten ijito mundua (Tony Gatlif zuzendari frantsesa, kasu), saiakerak urriak dira. Ia beti topikoekin jokatzen da eta ijitoak film batean agertzen direnean txikitatik ikasi ditugun egoerak agertzen dira, hala nola, familiaren garrantzia, patriarkatuaren zama, hezkuntzaren zailtasuna, emakumeek ahulduntzeko dituzten mugak, musikaz blai bizi direla, ezkontza ikusgarriak, lekuz leku mugitzen direla, saltzaile ibiltariak direla azoketan, eta abar. Arantxa Echevarría zinegile bilbotarrak Carmen y Lola filma zirriborratzen hasi zuenean bazekien zailtasun handiak izango zituela, ijito ez denez komunitateak ateak irekitzea ez baitzen gauza erraza izango. Bestalde, filma maitasun lesbiko baten kontakizuna izanik, ijito munduan dagoen tabu handienetako bat mahaigaineratzen zuen: homosexualitatea.

Askori Carmen y Lola ikusterakoan film bat burura etorriko zaie: La Vie d’Adèle (Abdellatif Kechiche, 2013), Canneseko Zinemaldian Urrezko Palma irabazi zuen film polemikoa. Bi filmek emakumeen arteko maitasun istorio batek ardaztu dituela partekatu arren, bi filmak oso desberdinak dira. Film frantsesak sexu harremanari eta lotura beraren indarrari garrantzi handia ematen dion bitartean, Echevarríaren filman, aldiz, Carmenen eta Lolaren maitasunaren pixkanakako eraikuntza da ardatza, batez ere sexu berdineko maitasuna onartezin ikusten duen erkidego batean, eta honek izan ditzakeen ondorioetan. Zuzendari bilbotarrak ausardia asko agertu du horrelako lan bat egiterakoan, eta nahiz eta ijitoen komunitatearen zati batek filma iraingarritzat hartu duen, beste askok bi gauza aurkituko dituzte bertan, bat, gaur egungo ijitoen mundura hurbiltzeko atea zabaldu diezaiekela (Espainiako Madril inguruan bizi direnena behintzat), eta bi, ijitoen artean emakume eta homosexual izateak sortarazten duena.

Carmen y Lola opera prima bat da eta narrazioan hutsuneak nabarmenak izaten dira batzutan, horregatik esan genezake ez duela zinematografikoki istorioak bezainbesteko ausardia estetikorik. Filma ikusten ari nintzela argi zegoen lehen aldiz ikusten ari nintzela bi neska ijitoen arteko maitasun istorio bat, baina hala ere, bazirudien filma ikusia neukala aurretik. Echevarríak eraikitzen dituen egoerak ez dira berriak, askotan ikusi baititugu Romeo eta Julietaren antzeko kontakizunak, baina beste batzutan estetikoki landuagoak iruditu zaizkigu. Adibide bat jartzearren, Echevarríak hegaztiaren sinbologia etengabe erabiltzen du eta horrek askatasunaren esanahia gehiegi azpimarratzea eramaten du, leuntasuna alde batera utziz eta ikuslea gehiegi zuzenduz nahi duen mezura.

Edonola ere, Carmen y Lola oso gustura ikusten den filma da, antzezle ez profesionalek duten freskotasun eta sinesgarritasunarengatik eta, batez ere, Echeverríak Carmen eta Lola antzezteko topatu dituen 17 urteko neskengatik (Rosy Rodríguez eta Zaira Morales), kamera aurrean liluragarri baitaude. Aurtengo Canneseko Zinemaldiko Quinzaine des Réalisateurs sailan aurkeztu zenean txalo zaparrada handia jaso zuen, eta asteburuko emaitzen arabera, ibilbide sendoa egin dezake zinema aretoetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude