Imanol Lasa: “Gazteei eduki interesgarri eta erakargarriak ematen badizkiegu, euskaraz, jarraitu egiten dituzte”

Etorkizuna eraikiz egitasmoa indartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak ikasturte berriari begira, topaketa, solasaldi eta eztabaida gune ezberdinak bilduko dituen prozesu parte-hartzaile bat martxan jarriz. Gipuzkoa lurralde txikia, baina aldi berean, gaitasun eta mugimendu handikoa da. Hazkundeari lotutako aldaketa ugari jazo ditu azken urteetan, eta etorkizuna eraikitzeko beharrezkotzat jo dute egungo errealitatetik abiatuko den irakurketa bat sustatzea.

Ekonomiaren, zahartzearen, euskararen, gastronomiaren, gobernantzaren, hezkuntzaren, klima aldaketaren eta bestelako gai sozialekin batera, zinemaren etorkizuna jorratuko dute ere ospatuko diren saio desberdinetan. Bada, ZINEMA ETORKIZUNEAN solasaldia egingo dute gaur arratsaldean, guztietan lehena: zinemaldiaz, ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko moduaz eta, oro har, etorkizuneko zinemaz hausnartzeko parada izango dute ekitaldira bertaratutakoek, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria, Aitor Arregi zine zuzendaria eta Itziar Ituño aktorearen laguntzarekin.

Ikus-entzunezkoen gaiari eutsi, eta sektoreak bizi duen egoeraz, balioaz, egitasmoaren garrantziaz… mintzatu gara Imanol Lasa Aldundiko bozeramaile eta Gobernantza eta Komunikazio diputatuarekin.

– Zertan datza ZINEMA ETORKIZUNEAN solasaldiak?
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoarekin buru belarri gabiltza lanean. Etorkizunak kezkatzen gaitu, alor guztietan: ekonomia, euskara, gastronomia, teknologia berriak… eta noski, baita zinemaren etorkizunak ere.
Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan etorkizuneko erronkak identifikatu, orainaldira ekarri eta denon artean erantzuna ematen ari gara eta horren harira antolatu dugu “Zinema Etorkizunean” solasaldia. Donostiako Zinemaldia ate-joka dugu aste honetan eta sektoreko hiru adituekin, hiru ikuspuntu ezberdinetatik hausnarketa interesgarria egingo dugu Etorkizuna Eraikiz Gunean, Gipuzkoa Plazan bertan.

– Gaur Jose Luis Rebordinos, Aitor Arregi eta Itziar Ituñorekin batera egingo duzue solasaldia. Egitasmo oso baten hasiera da?
Etorkizuna Eraikiz 2016an martxan jarri zenetik proiektuak bere bidea egin du: esperientzia pilotuak, esperimentalak, proiektu estrategikoak, etab. abian jarri ditugu. Baina Etorkizuna Eraikiz gobernantza eredu berri baten baitan kokatzen da, modu ireki eta partekatuan gizartearekin batera garatzen dena. Parte hartze hori sustatzeko Etorkizuna Eraikiz Gunean topaketa ezberdinak antolatu ditugu.
Zinema Etorkizunean antolatu dugun topaketa ezberdinen artean lehenengoa izango da. Horretaz gain, estilo bereko solasaldi gehiago izango ditugu gai ezberdinen inguruan ere hausnarketa egiteko guztion artean. Teknologia berriak eta sare sozialen garrantziaz ere ohartzen gara, horregatik hauetan presentzia nabarmena duten gaiak jorratuko dira, besteak beste zinema, gastronomia, moda, sare sozialak… Gazte zein helduen interesa pizten duten gai ezberdinak dira eta sektorean erreferente diren pertsonen parte hartzearekin, ikuspegi ezberdinak jorratuko ditugu, betiere etorkizunean begirada jarriz. Topaketa hauek irekiak dira eta bertaratzen direnen parte hartzea sustatu nahi dugu.

– Iraila zinemaren hilabetea izendatu duzue zuek, baina urrunago joaten gara maiz eta Gipuzkoa zinemaren lurraldea izendatu ohi dugu. Zein da egun ikus-entzunezko arloari aitortzen diozuen balioa?
Oso handia. Kontuan izan behar dugu ikus-entzunezkoak direla gaur egungo gazteek gehien kontsumitzen dituzten produktuak. Euskarak eta, oro har, euskal kulturak beren etorkizuna bermatzeko, tokia egin behar dute esparru horretan, derrigorrez. Egin ditugun azterketek erakusten dute gaztelania eta ingelesa direla nagusi Gipuzkoako gazteek kontsumitzen dituzten ikus-entzunezko edukietan. Batik bat, egun dagoen aukera faltagatik. Baina erakusten dute ere eduki interesgarri eta erakargarriak ematen badizkiegu, euskaraz, jarraitu egiten dituztela. Horretarako gai izan behar dugu, denon artean. Eta hori da 2DEOren helburu nagusia; Tabakaleran egoitza izango du euskarazko ikus-entzunezkoen laborategia honek eta, bertatik, euskarazko ikusentzunezkoen ekosistema produktu eta egitasmo berritzaileekin dinamizatzea izango du helburu.

– Zer garrantzi dauka zinemak Etorkizuna Eraikiz programan?

Zineari lotuta, Aldundiaren ikuspegitik, mugarri garrantzitsua da Elías Querejeta Zine Eskolaren sorrera. Euskadiko Filmategiaren, Tabakalera eta Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean sortu genuen urte hasieran. Bere helburua ez da ohiko prestakuntza-ereduei jarraituz koadro teknikoak prestatzea, baizik eta zinearen gaineko begirada integrala duten eta errealitate zinematografiko berriak sortzeko gai diren zinegileak sor daitezen bultzatzea. Gure sortzaileen ekosistema indartzen lagunduko du. 2DEO berak, zineari espreski lotutako ekimena ez den arren, lagunduko du horretan, ekoizpen eta zabalkunde kate osoari erreparatzen dion heinean.

“Etorkizuna Eraikiz ez da alderdi edo gobernu baten apustua, gelditzeko iritsi den eredua baizik. Proiektuek iraukortasunerako bokazioa dute”

– Jarraikortasuna izango du?
Etorkizuna Eraikiz ez da alderdi edo gobernu baten apustua, gelditzeko iritsi den eredua baizik, sentsibilitate guztiekin elkarlanean. Beraz, egitasmoaren barruko proiektuek iraunkortasunerako bokazioa dute, lurralde mailako apustuak direlako.

– Euskarazko Ikus-entzunezkoen laborategia (2DEO) dago ere tartean. Horrelako proiektuak babestu eta indartzea izango da joera?
Seguru gaude, etorkizunean elkarlana eta esperimentazioa izango direlako gakoak, euskarazko ikus-entzunezkoen arloan ere. Pozik gaude, proiektuak dagoeneko eman dituelako bere lehen fruituak: JarriON eta Go!azen Transmedia.

– Zer eragin izango dute publiko zabalago batengan? Jendeak zertan nabarituko ditu?
Eragileak eta herritarrak erakartzeko dugun gaitasunaren araberakoa izango da hori. Itxaropentsu gaude. Uste dugu Gipuzkoak badituela osagaiak, txikia izan arren, esparru honetan nabarmentzeko, lurralde txikia izan arren. Eta baditugu bidea markatzen diguten pelikula ugari ere: Loreak, Amama, Errementari, Kutxidazu bidea Ixabel, Aupa Etxebeste!, 80 egunean… Kate horri jarraipena emateko baldintzak sortu ditugu, denon artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude